Zizurkilgo V. Duatloia apirilaren 18an jokatuko da

Aiurri 2026ko apirilaren 7a

Apirilaren 18an jokatuko da Zizurkilgo V. Duatloia – Garaje Tolosa saria, Danena klubak antolatuta. Probaren irteera eta helmuga Joxe Arregi plazan izango dira, eta ibilbidea Zizurkil eta Aduna artean egingo da.

Aurtengo edizioa Euskadiko duatloi zirkuituaren barruan dago, baina federatuta ez dauden kirolariek ere parte hartu ahal izango dute, modalitate popularrean. Gainera, aurten berrikuntza gisa, bikoteka (erreleboka) lehiatzeko aukera ere izango da.

Helduei dagokienez, irteerak arratsaldean izango dira: 16:15ean abiatuko dira mutil federatuak; 16:17an, neska federatuak; eta 16:19an, federatu gabeak eta txandakakoak.

Proba nagusiak hiru atal izango ditu: lehen zatia korrika, 5 kilometrokoa (2,5 kilometroko ibilbideari bi itzuli); bigarrena txirrindularitzan, 20 kilometrokoa (10 kilometroko ibilbideari bi itzuli); eta hirugarrena korrika, 2,5 kilometrokoa, ibilbideari itzuli bakarra eginda.

Izen-ematea irekita dago Rock The Sport plataforman, eta apirilaren 13an itxiko da, gauerdian.

Bestalde, haur eta gaztetxoentzat duatloi txikia antolatu dute, 2 eta 11 urte bitartekoentzat. Izen-ematea 10:30ean hasiko da, eta probak 11:00etan jokatuko dira, taldetan. Antolatzaileek jakinarazi dute parte-hartzaile bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituela.

Informazio osoa https://sites.google.com/view/zizurkilgoduatloia orrialdean dago eskuragarri.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!