Denok Danena Halterofiliako kideak Gipuzkoako selekzioarekin bigarren, Gernikan

Aiurri 2026ko apirilaren 7a

Martxoaren 28an jokatu zen Gernikan Euskadiko Senior eta Federazioen Txapelketa, larunbat arratsaldez, eta bertan izan ziren Denok Danena Halterofiliako hainbat kirolari, Gipuzkoako selekzioarekin lehian.

Gizonezkoetan, klubeko Jon Kepa Cortajarena, Stalin Cueva eta Kristian Labaka aritu ziren Gipuzkoako selekzioarekin, Zarautz KEko eta Irungo BHT taldeko beste bi kirolarirekin batera osatutako taldean. Gipuzkoako selekzioak bigarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Banakako emaitzei dagokienez, Kristian Labakak txapelketa osoko markarik onena egin zuen, eta txapeldun izan zen.

Emakumezkoetan, Denok Danena Halterofiliako Lorena Wepsiec, Amaia Blanco eta Andrea Suarez aritu ziren lehian, Irungo BHT taldeko Andrea Garciarekin batera. Gipuzkoako selekzioak lau kirolarirekin parte hartu zuen, Zarautz KEko ordezkaria ez baitzen bertaratu, eta bigarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Hurrengo hitzorduei dagokienez, apirilaren 18an Zarautzen jokatuko da Euskadiko 15 eta 17 urtez azpikoen eta teknika txapelketa. Apirilaren 25ean, berriz, Irunen izango da Gipuzkoako Absoluto Txapelketa, Liga Nazionaleko bigarren jardunaldirako balio duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!