Begiraleen lan-poltsa zabaldu dute Zizurkilen

Udaleku irekietan begirale edo koordinatzaile gisa eta Gaztezuloko errefortzuko begirale gisa izena emateko deialdiak zabaldu ditu Zizurkilgo Udalak. Apirilaren 28ra bitarte egongo da zabalik lan-poltsan sartzeko aukera, eta udaletxean aurrez aurre zein Zizurkilgo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez izena eman daiteke.  

Honako baldintza hauek bete behar dira lan-poltsan sartzeko: 

  • 18 urte beteta izatea eta nahitaezko erretiro-adina ez gainditzea.
  • B2 euskara eskakizuna egiaztatzeko ziurtagiria izatea.
  • Sexu-izaerako delituengatik aurrekaririk ez izatea.
  • Haur eta gazteen aisialdiko begiralearen edo zuzendariaren titulu homologatua izatea.

Gainera, elkarrizketa-talde dinamika gainditzea ere beharrezkoa izango da, eta proba horixe maiatzaren 15ean egingo da.

Bestalde, aurkeztu beharreko dokumentuak honako hauexek dira: 

  • Nortasun-agiria
  • Begirale-titulua edo zuzendari-titulua
  • Euskarako B2 ziurtagiria (maila handiagoa izanez gero, hura aurkez dezakezu)
  • Sexu-delituen 2026ko ziurtagiria

Merezimenduen balorazio-lehiaketa izango denez, merezimenduetarako aintzakotzat hartzea nahi den gainerako agiri guztiak ere aurkeztu beharko dira: ikasketa-agiriak, ikastaroak, lan-esperientzia, uneko egoera…

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!