Martxan da Gipuzkoako Pasaka Txapelketa, Zizurkilgo Zimiterio Saria

Aiurri 2026ko apirilaren 16a

Gipuzkoako Pasaka Txapelketa abiatu da dagoeneko. Zizurkilgo Udalak eta Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatu dute elkarlanean; apirilaren 12an hasi zen eta finala maiatzaren 24an jokatuko da. Itzuli bateko ligaxkan, sei bikotek parte hartuko dute. Kanporaketa partidak maiatzaren 10a bitarte astero jokatuko dira Zizurkilgo zimiterioan. Antzinako jokamoldea ikusteko aukera paregabea eskaintzen du txapelketak.

Pasaka modalitate berezia da. Iñaki Lizasok, Gipuzkoako Pilota Federazioko ordezkariak adierazi duenez, “Oiartzunen eta Zizurkilen soilik jokatzen da gaur egun, eta horrek are bereziagoa egiten du. Pasaka jokoa mantentzea gure kirolaren ondarea zaintzea da, eta
herritarrak modalitate hau ezagutzera animatzen ditugu”.


Izarne Zelaia Arratibel Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak pasaka modalitatea Zizurkilen jokatzea pozgarria dela adierazi du: “Zizurkil herri pilotazalea da, eta antzinako modalitatearen Gipuzkoako Txapelketa beste urte bat gehiagoz gure herrira ekartzea ederra iruditzen zaigu. Gainera, Zizurkilgo Zimiterioak pasakan jokatzeko ezaugarri egokiak ditu”.


Beraz, datorren hilabetean Zizurkilgo zimiterioan pasaka modalitatea nagusituko da. Karrera-Chiapuso (Behar Zana Pelota Elkartea eta E.P.L.E [Errenteriako Pilotaren Lagunen Elkartea]), Zufiria-Oñate (Behar Zana Pelota Elkartea), Urbieta X.-Urbiena A. (Behar Zana Pelota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol Kluba), Urbieta J.-Urbieta I. (Behar Zana Pelota Elkartea-Txost Oiartzungo Pilota Kirol
Kluba), Alberdi-Aizpuru (Tolosa Aurrera Pilota Elkartea) eta Lizaso-Urruzola (Behar Zana Pelota Elkartea) pelotariek parte hartuko dute txapelketan.


Aipatzekoa gainera, jubenil mailako bikotea ere izango dela txapelketan, hain zuzen ere, Zufiria-Oñate bikotea. Lizasok bikote gazteen parte hartzea beharrezkoa eta ederra dela gaineratu du, modalitateak bizirik jarraitu dezan.


Pasaka modalitatea Pasaka plaza librean jokatzen ez den joko zuzen bakarra da. Leku itxietan jokatzen da, hala nola, arkupeetan (zimitorioak edo udaletxeetako arkupeak), trinketeetan eta frontoi motzetan. Partida sare batek bereizitako bi eremuetan garatzen da, eta, hain zuzen ere, sake-eremua gainerakoa baino luzeagoa da.

Sakean pilota sarearen gainetik pasa behar da, eta kontrako frontisean jo behar du, marraren edo txaparen gainetik. Ondoren, beste taldeko pilotariak erantzuten du, eta, sarearen bi alderdietan hasten da norgehiagoka. Sakean pilota frontisera iristea errespetatzen bada ere, jokoan pilotariek airez erantzun dezakete.


Modalitatea neguko joko gisa ezagutzen da, eta eskuz nahiz eskularru motzarekin joka daiteke, hala ere, eskularruekin jokatuz gero, pilota handiagoa izaten da. Zizurkilgo txapelketari dagokionez, ez dute eskularrurik erabiliko. Pasakak badu berezitasun bat gehiago, puntu-kopurua ez da tanto bidezkoa, jokoen bidezko kontaketa sistema egiten baita pasakan: hamabost; hogeita hamar; berrogei; eta, ondoren, jokoa lortzen da.

Txapelketako egutegia

2. JARDUNALDIA 

2026/04/19

  • ZUFIRIA-OÑATE
  • ALBERDI-AIZPURU

2026/04/19

  • URBIETA J.-URBIETA I.
  • KARRERA-CHIAPUSO

2026/04/19

  • LIZASO-URRUZOLA
  • URBIETA X.-URBIETA A.

JARDUNALDIA 3

2026/04/26
(astean zehar)

  • ZUFIRIA-OÑATE
  • URBIETA J.-URBIETA I.

2026/04/26
(astean zehar)

  • KARRERA-CHIAPUSO
  • LIZASO-URRUZOLA

2026/04/26
(astean zehar)

  • ALBERDI-AIZPURU
  • URBIETA X.-URBIETA A.

JARDUNALDIA 4

2026/05/03
(astean zehar)

  • ALBERDI-AIZPURU
  • URBIETA J.-URBIETA I.

2026/05/03
(astean zehar)

  • LIZASO-URRUZOLA
  • ZUFIRIA-OÑATE

2026/05/03
(astean zehar)

  • URBIETA X.-URBIETA A.
  • KARRERA-CHIAPUSO

 

JARDUNALDIA 5

2026/05/10
(astean zehar)

  • URBIETA J.-URBIETA I.
  • LIZASO-URRUZOLA

2026/05/10
(astean zehar)

  • ZUFIRIA-OÑATE
  • URBIETA X.-URBIETA A.

2026/05/10
(astean zehar)

  • KARRERA-CHIAPUSO
  • ALBERDI-AIZPURU

FINALAURREKOAK: 2026/05/17
FINALA: 2026/05/24

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!