1976an sortu zen ofizialki Zizurkilgo Danena Kirol Elkartea. Ordurako, makina bat urtetako lana pilatuta zuten, izan ere, 1958rako sortua baitzen taldea, ofizialtasunik eman gabe. Eusko Jaurlaritzako Kirol erregistroan kontsulta eginda, 1976a ageri da taldearen sorrera agiria eta data horixe kontuan hartuta, ospatzea erabaki dute taldekideek; taldearen iragana eta oraina ospatu nahi dituzte, etorkizunerako ere aletxo bat utzita.
Josu Sarasola Danena Kirol Elkarteko lehendakari lanetan ari da azken urtetan eta ilusioz ari da bizitzen urteurreneko ospakizunak. "Urte berezia izango da. Urteurren borobila da eta ondo ospatu nahi dugu. Garrantzitsua da gisa honetako gauzak ospatzea, egindako guztiaz konturatzeko. Atzera begira jartzeko aukera eman digu eta konturatu gara lan asko egin dela hemen; bai gure aurretik egon direnek eta baita gaur egun Danenaren inguruan gabiltzanok ere".
Historia bildu
Urteurrena aprobetxatu nahi izan dute taldearen historioa bilduta uzteko. "Atzera begira jarrita, urte hauetan guztietan taldeak egindako lana zenbatekoa izan den ikusi dugu eta, ez dugu hori galtzen utzi nahi. Historia hori, egindako guzti hori bildu, eta etorkizunerako gorde nahi izan dugu. Taldearen historia lehen pertsonan konta dezakeen jendea dago oraindik eta hori zorte handia da. Hori horrela, gauza ezberdinak egiten ari gara: batetik, Danenaren historia biltzen duen liburu bat osatzen ari dira eta bestetik sorreran parte hartu zutenekin solasalditxo bat ere egin da".
Taldearen inguruko liburua lantzen ari dira dagoeneko. Bost atal izango ditu liburuak, txirrindularitza, halterofilia, futbol, atletismo eta duatloiari eskainiak. "Duatloia da diziplina berriena. Urte gutxi dira martxan hasi zela, baina dagoeneko ari da bere bidea egiten eta hori ere jasoko dugu liburuan". Oraindik ez dute jarri liburua aurkezteko datarik, izan ere, "oraindik osatzen ari dira. Urte amaierarako eskuetan izatea espero dugu".
Bost idazle ari dira liburua osatzen. "Pertsona bakarrarentzat lan gehiegi zela ikusi genuen. Taldeak mami asko izan du eta lanak banatzea egokia iruditu zitzaigun". Uda tarteko, ez dakite oso ondo noiz aurkeztuko duten liburua, "baina baliteke abenduko Kirol Astearen inguruan izatea".
Artxibategia
Argazki eta bideo zaharrak ere biltzen ari dira azken hilabeteotan. "Etxe askotan egongo dira argazki eta bideoak. Horiek jaso nahi genituzke, artxibategia osatzeko. Norbaitek argazkiren bat edukiko balu, eskertuko genuke guregana gerturatzea. Irudiak eskaneatu, txukun-txukun gorde, eta jabeari itzuliko dizkiogu originalak. Artxibategia osatzen dugunean, Udalera eramango dugu, ondo gordeta gera dadin. Izan ere, Danenako kideak aldatuz joango gara, baina Udala hor egongo da, eta artxibategia bertan egotea da egokiena".
Elkartearen historia bildu, eta etorkizunerako gordeta uzteko helburu horri jarraituz, Danenak egindako lana zenbatekoa izan den jakin ahal izan dute. "1958an sortu zen taldea, frankismo betean. Txirrindularitza, atletismoa, futbola eta arrauna hartzen zituen bere baitan". Aldaketak izan ditu geroztik taldeak, baina bere jarduna ez da inoiz eten eta, indarrean dago taldea gaur egun.
Ospakizunak
Ospakizunetan murgilduta pasako dute urtea. "Taldeak bere baitan dituen kirol bakoitzak izango du bere ospakizuna. Aste Santuan kadete mailakoen txapelketa egin genuen futbolean; apirilaren 18an duatloia egingo da Zizurkilen, uda ostean Danena eguna izango dugu eta baita eskolarteko txirrindulari txapelketa ere. Halterofiliako txapelketa ere egingo da". Dagoeneko ari dira Danena egunari forma ematen. Josu Sarasolak azaldu duenez, Danenako eta Errealeko beteranoen arteko partida, bazkaria, musika, argazki erakusketa..., denetarik izango da egun horretan. Urriaren 17an, bestalde, martxa zikloturista egingo dute Danenako kideek. "Oso polita izango da; Etxeondorekin eta Orbearekin egingo da. Danena elkartearekin batera jarri zen martxan Etxeondo etxea. Hare gehiago, Danenarena izan zen Etxeondon egin zuten lehen maillota. Orbeak ere lotura handia izan du elkartearekin izan ere, Danenak txirrindularitza talde profesionala izan zuenean, Orbearekin lankidetzan aritu zen. Oso polita izango da hiru taldeek martxa zikloturista horretan parte hartzea, iragana gogoratzeko", azpimarratu du Josu Sarasolak.
Herri txikia, elkarte handia
Hiru mila biztanle inguru ditu Zizurkilek, herri txikia da beraz. Baina kirol elkarte handia du. "Handia da partaide aldetik eta oso handia da historian zehar egin duenagatik. Pisu handia du herrian eta bailaran, eta kirol lorpen handiak erdietsi ditu". Txapeldun asko eman ditu taldeak. "Txapeldun handiak ateratzea noizbehinka gertatzen den zerbait da. Dohai handiak dituen norbait egokitzea, zortea izatea... faktore asko behar dira. Garin anaiak atletismoan, Jon Tecedor zena eta Eki Lizaso halterofilian, tourreko etapak eta Vuelta España bat irabaztea txirrindularitzan... emaitza handiak izan ditugu. Elkartearen handitasuna, ordea, ez dator hortik bakarrik; familia gara".
Elkartzeko aitzakia
Urteurrenak beste altxor txiki bat ere ekarri dio Danenari eta herriari. "Aspaldian taldekide izan zirenak, txirrindularitzan, futbolean, atletismoan... murgilduta ibili zirenak, berriz ere elkartzen hasi dira. Lagunarteko afariak, garai hartako kontuak berritzeko elkartzea, kontaktua berreskuratzea... oso polita izaten ari da hori guztia. Jende asko pasa da elkartetik, eta urteurrenak ilusioa piztu du". Urteurreneko ospakizunen artean azpimarratu dute Errealeko eta Danenako beteranoen arteko partida. "Danenak ez zuen beteranoen talderik, baina urteurrena dela eta, jokatzen hasi dira berriz. Jokalari pila bat elkartu dira eta oso saltsa polita sortu da". Atletismo taldekoek ere egin dute bazkariren bat. "Aitzakia polita izaten ari da Danenaren inguruan berriz ere biltzeko".
Atxikimendua
Elkartetik pasa diren kirolariek Danenarekiko duten atxikimendua azpimarratu nahi izan du Josu Sarasolak: "Garai batean taldean ibili zirenek elkartearekiko lotura hori mantendu egiten dute. Egungo umeek ere hala sentitzen dutela uste dugu, asko lantzen den kontua da hori". Horren lekuko, urteurrenak jende askorengan sortu duen poza.
Zuzendaritza eta kirolarien artean, 550 pertsona inguru dabil Danena taldean. "3000 biztanleko herri batean, izugarria da hori. Jende askoren lana eskatzen du eta ilusioz ari gara". Futbolean 300 pertsona inguru dabil Danena elkartean. "Gorakada ikaragarria izan da azken urteotan. Zelaiak ezin ditu dagoeneko entrenamendu saio gehiago hartu. 10 talde eta futbol eskola ditugu eta hemendik aurrera, mantentzea da helburua" Txirrindularitza ere gora doa. Inoiz baino gaztetxo gehiago sartu da orain. Danenaren koloreak geroz eta gehiago ikusten dira errepidean eta horrek bultzada ematen du. Andoaingo txirrindularitza taldearekin egindako hitzarmena ere oso garrantzitsua izan da, txirrindulariei aurrera jarraitzeko aukera ematen dielako".
Halterofilian ere gora doa taldekideen kopurua: "Ume asko hasi da kirol horretan, eta hori onuragarria da etorkizunerako, noski". Danenan sortu den azken atala duatloia izan da. Oso berria da oraindik, "baina Zizurkilgo V. Duatloia antolatuko dute aurten eta hori lorpen handia da. Lan handia dago horrelako kirol proba baten atzean. Jende askoren lana eskatzen du eta ez da erraza. Aurtengoa, gainera, apirilaren 18an egingo da eta Errealak partida garrantzitsua du egun horretan. Lanerako jendea biltzea zailxeagoa izaten ari da horregatik, baina ziur naiz ondo aterako dela". Danena familia handia dela azpimarratu du Sarasolak, behin baino gehiagotan: "Lantalde polita dugu".
Kamiseta berriak
Urteurrena gogoan hartzen duen kamiseta berezia egin dute. "Logotipoa egin digu Izaro Lizarraga herrikideak eta, futbol taldeak logotipo hori erabiliko dugu 2026 urtean zehar. Horrez gain arropa ere jarriko dugu salgai; kamisetak, sudaderak... herriko puntu ezberdinetan izango da salgai".
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 690 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.