Plazida Otaño liburutegiaren 10. urteurrenaren baitan aurkeztu dute Sustraiak aldizkariaren azken alea

Aiurri 2026ko apirilaren 23a

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Plazida Otaño Udal Liburutegiaren 10. urteurrena ospatu dute, eta testuinguru horretan aurkeztu dute Sustraiak aldizkariaren azken zenbakia, Plazidari eskainia. 2016ko apirilaren 23an ireki zituen ateak Joxe Arregi plazan, eta ordutik kultur jarduerak etengabe izan dira bertan.

10. urteurrena ospatzeko, ohiko hileroko jarduerez gain, hainbat ekitaldi berezi ere antolatu dituzte apirilean zehar. Egitarauak, besteak beste, literaturarekin lotutako hitzorduak eta ipuin kontaketak bildu ditu.

Gaur, apirilaren 23an, ipuin kontaketa saioa izango da Kontalari2-ren eskutik; eta bihar, apirilaren 24an, irakurketa klubeko saioa egingo dute, Trapuzaharrak konpainiaren Joemak eta Jolasak proposamenarekin.

Jarraian prentsa oharrra:

"Zizurkil, 2026ko apirilak 23. Plazida Otaño Udal Liburutegiak 10. urteurrena bete du Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta egun hori baliatu dute Sustraiak aldizkariaren azken alea aurkezteko, Plazidaren inguruko alea baita. Liburutegiak 2016ko apirilaren 23an ireki zituen ateak Joxe Arregi plazan, eta irekiera ofizialeko egunean bezala, geroztik, 10 urteotan musikak, bertsoak, ipuin kontaketaek, hitzak eta dantzak ez dute etenik izan.

Joxe Arregi plazan, Zizurkilgo Udal Liburutegiaren aurrean, Plazida Otañoren heriotzaz geroztik 72 urte igaro ondoren, haren izena eta irudia dira nagusi. Arantxa Zabala Artola liburuzainak liburutegi berriaren izenaren zergatia azaldu du: “Mendeetan zehar emakume sortzaileek egin duten isilpeko lanari keinua egin nahi zitzaion izenaren bidez. Gainera, herrian aitortza hori merezi zuen emakumea zen Plazida bera”.

Horregatik, liburutegiaren 10. urteurrenarekin batera, Hernandorena Kultur Elkarteak argitaratutako Sustraiak aldizkariaren azken zenbakia, hots, 35. zenbakia, Plazida Otaño bertsolariaren ingurukoa da. Herritarrek zein izan zen nahiz zergatik daraman Zizurkilgo liburutegiak haren izena ezagutu dezaten.

Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak zera gaineratu du: “Bera (Plazida) da ale honen protagonista eta bere bizitzari buruzko informazio berria bildu ahal izan du Hernandorena kultur elkarteak. Alaba bakarra izan zuela pentsatzen genuen baina zortzi seme-alaba izan zituela jakin dugu. Eta Plazidaren argazki ineditoak ere baditu ale honek”.

Liburutegiari bere izena jartzea izan zen Zizurkilen Plazidari aitortza egiteko modua. Baina, gainera, 10. urteurrenarekin batera kaleratutako aldizkariaren alearekin Zizurkilgo herritar orok jasoko du Plazidaren informazioa, datozen egunotan jasoko baitute herritarrek euren etxeetan aldizkaria. Bide batez, Udalak esker ona adierazi die Hernandorena Kultur Elkarteko kideei informazio bilketan egin duten lanagatik.

Liburutegiaren 10. urteurrena

Plazida Otaño Udal Liburutegia adin guztietako erabiltzaileei zerbitzua emateko sortu zen. Bada, liburutegi berriak zizurkildar gehiago erakartzea lortu du, eta, horrez gain, bailarako, Tolosaldeako zein Gipuzkoa osoko herrietako erabiltzaileak ere bertara hurbiltzea ahalbidetu du. Batez beste, egunean, 100 erabiltzaile izaten dira Plazida Otañon. Liburuzainek horretarako kokapena funtsezkoa eta gakoa izan dela argi dute, herriko plazan eta oso eskuragarri aurkitzen da-eta: “Plazan bertan dagoenez eta leiho handi hauekin, herritarra ez doa liburutegiaren bila, topatu egiten du. Eta liburutegiak erakarri egiten du”.

Arantxa Zabalak 37 urte bete ditu aurten Zizurkilgo liburutegiko liburuzaina izaten. Orain hamar urteko inaugurazioa gogoan du: “Data oso berezia da liburutegientzat, eta, noski, guretzat are eta bereziagoa!”. Gaur egungo liburutegia behar guztiak betetzen dituen espazio bezala definitu du, “zoragarria da, nahiz eta kalera begira eta gertu-gertu egon, ez daukagu zaratarik, eta espazio handia dugu” onartu du.

Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak kokapena ere azpimarratu nahi izan du, herriarentzat onuragarria baita: “Plazaren beste espazio bat gehiago da liburutegia. Askotan parkeak, tabernak, terrazak... daude plazetan, bada, Zizurkilen liburutegia ere bai. Eta hori da Plazidak duen bereizgarrietako bat, herriko gunerik gertuenean dagoela”.

Kulturaren topagune

Espazio soziala eta kulturala da liburutegia, sormena sustatzen eta literatura bultzatzen duena; finean, topagunea da. Tertuliak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak... denetarik egiten da. Eta ez da kasualitatea, katalogo eguneratua izateaz gain, erabiltzailea erakartzeko interesguneak sortzea eta liburuzain aktiboak izatea beharrezkoa dela argi baitute.

Plazida Otañon, egiaz, jarduerak dira nagusi: ipuin kontaketa solidarioak, LGTBI kolektiboaren inguruko erakusketak, eskolako kideen bisitak, Fraisoroko kideen parte-hartzeak, Teodoro Hernandorena ipuin lehiaketa, motxila ibiltaria, irakurketa erronkak... Eta horrexegatik eskuratu zuen liburutegiak 2023an Estatu mailako Maria Moliner Sari Nagusia.

Hala ere, aipatzekoa da orain 10 urte sortutako udal-zerbitzua herritarrei esker jarri zela martxan. Izan ere, 2016an, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu parte-hartzaileak zabaldu zituen eta zizurkildar asko gerturatu zen batzarretara liburutegiaren proiektua defendatzera. Beraz, herritarrei esker lortutako Foru Aldundiaren aurrekontuarekin eta Zizurkilgo Udalak proiektuaren aldeko egindako apostu sendoarekin sortu zen Plazida Otaño liburutegia.

Urteurrenaren egitaraua

10. urteurrena ospatzeko hileroko ekitaldiez gain, ekitaldi bereziak ere izan dira. Hauxe urteurrenaren hileko egitaraua:

  • Apirilak 14: tertulia literarioa - Memoria de la melancolia (Monica Leivak gidatuta)
  • Apirilak 21: tertulia literarioa - gu gabe ere (Iratxe Retolazak gidatuta)
  • Apirilak 21: liburu aurkezpena - Zaldi bat (Maddi Ane Txoperena idazlearekin)
  • Apirilak 23: ipuin kontaketa - Kontalari2-ren eskutik
  • Apirilak 24: haur irakurketa kluba - Joemak eta Jolasak (Trapuzaharrak konpainiaren eskutik)"
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!