‘Mendigain gainean hegan’ kantua aurkeztu dute Zizurkilen

Ainhoa Gil 2026ko apirilaren 25a

Zizurkilgo Mendigain eskolako kantu berriaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur, apirilak 24, Plaza Etxeberrin. Hainbat herritar gerturatu da ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko asmoz.

Ekainaren 14an Gipuzkoako Eskola Txikien Festa ospatuko dute Zizurkilgo herrigunean. Eta festa horren aitzakian, Mendigain eskolako kantu berria egin dute. Unai Mendizabal bertsolariak egin ditu hitzak, eta Loatzo Musika Eskolako Jon Oiarzunek osatu du doinua, eskolako gainerako irakasleekin elkarlanean.

 

 

Giro ederrean egin dute gaur ‘Mendigain gainean hegan’ kantuaren aurkezpena. Bertan ziren Mendigain eskolako komunitatea osatzen duten ikasle, irakasle eta familiak, Loatzo Musika Eskolako ordezkariak, kantuan parte hartu dutenak eta adin guztietako herritarrak.

Igotz Alkortak gidatu du aurkezpen saioa. “Miruaren hegaldia hasi genuenean esan genuen zer eta nola egin nahi genuen; euskaratik eta euskaraz, adin aniztasunari leku eginda eta herrian txertatuta.  Hau ez da slogan hutsa; saiatzen ari gara Mendigain eskolatik, eta Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren antolakuntza, modu horretara eragiten”.

Kantua osatzerako garaian, gertuko sarea baliatu dutela azpimarratu du Alkortak: “Xume egin dugu kantua. Herritar batek egin digu letra, Loatzo  Musika Eskolak doinua, ikasle ohiak jarri ditugu kantuan eta gaur egun eskolako komunitatea osatzen dugunok egin ditugu koruak”. Adunako Elkar estudioetan egin dute kantuaren grabaketa eta, Andoaingo Zine eta bideo eskolako Xabat Minguez ikasleak atondu du bideoklipa.

Egileak

Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarrak egin ditu kantu berriaren hitzak. Ikasleek ordurako egina zuten ideia zaparrada bat eta zertzelada haiei jarraitu zien Mendizabalek hitzak osatzerako garaian. “Mirua izango da eskola txikietako festaren irudi, eta horixe jasotzen du estribilloak, hitz jokoa eginez. Hegan egitearen amets hori irudikatu nahi izan dut kantuaren lehen zatian eta bigarrenean eskolaren bi oinarri azpimarratzen dira: euskara batetik, eta Mendigain eskolaren metodología berezia bestetik”.

Loatzo Musika Eskolatik, Miren Mujika Tolaretxipik hartu du hitza: “Zortzi herri txikiz osatutako musika eskola gara. Txikitasunetik, elkartuta, gauza handiak egin daitzekla sinesten dugu, eta kantuari doinua jartzeko erronka honi heldu genion. Emaitza txukuna izan dela esango nuke. Eskerrik asko esan nahi dizuegu antolatzaileei gurekin kontatzeagatik eta baita Loatzoko irakasle guztiei eta ordezkari politikoei ere, gauza txikietan sinesteagatik”.

Herritar ugari elkartu da Plaza Etxeberriko ekitaldia gertutik jarraitzeko eta, txalo zaparradaz hartu dituzte ‘Mendigain gainean hegan’ kantua eta bideoklipa. Ekitaldiari amaiera emateko, gainera, Bukalai dantza taldeko Maria Belokik espreski sortutako koreografia dantzatu dute eskolako ikasleek.

Jan-edanekin elkarrekin gozatuz amaitutzat eman dute ekitaldia.

Miruaren hegaldia abiadura bizian doa dagoeneko. Ekainaren 14an, Gipuzkoako Eskola Txikiak Zizurkilen elkartuko dira.

 

Kantuaren izenburua: ‘Mendigain gainean hegan’

  • Hitzak: Unai Mendizabal
  • Doinua: Jon Oiarzun

Musikariak:

Loatzo Musika Eskola

  • Tronpeta: Onintza Erkizia
  • Tronboia: Markel Uribarren
  • Bateria eta saxofoia: Ixak Oiartzabal
  • Gitarra eta baxua: Jon Oiarzun

Ahotsak

  • Unai Mendizabal
  • Alaitz Ormazabal
  • Maria Lasa
  • Maria Beloki
  • Mikel Garin
  • Mendigain Eskolako Komunitatea

Soinu Teknikaria: Elkar Estudioa- Victor Sánchez

Irudiak eta drona:

  • Dabid Argindar
  • Ainhoa Gil
  • Xabat Minguez
  • Nahia Alkorta
  • Aratz Alkorta

Edizioa: Xabat Minguez

 

 

Mendigain gainean hegan

Hiru miru dirudigu

zeruz zeru zoro eran

Hiru miru dirudigu

Mendigain gainean hegan

Itxi begiak, zabal besoak

zer ikusten da han goitik

gure lagunen babes goxoak

hegarazten gaitu pozik.

Euri tantak zenbatzen eta

hodeien ertzak marrazten

ametsak ureztatzen eta

ezinezkoak ikasten.

Hiru miru dirudigu (…)

Gure eskolako horma zaharrek

hitz egin ahalko balute

lehen lapurtzen zituzten hitzek

garena egiten gaituzte.

Nola eginez ikasten dugun

ibilian ibilian

gauza handiak egiten dira

gure eskola txikian

Hiru miru dirudigu

zeruz zeru zoro eran

Hiru miru dirudigu

Mendigain gainean hegan

Geroa sortzen da orain!

Erlazionatuak

Aurkezpen ekitaldia

Ainhoa Gil api 25, 16:12 Zizurkil

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!