Plazida Otaño Udal Liburutegiak 10 urte bete ditu Liburuaren Nazioarteko Egunean, eta efemeride hori baliatuta aurkeztu dute Sustraiak aldizkariaren azken zenbakia, herriko bertsolariaren figurari eskainia. Ospakizunak, gainera, azken hamarkadako ibilbidearen balantzea egiteko aukera ere eman du.
2016ko apirilaren 23an ireki zituen ateak liburutegiak, Joxe Arregi plazan, herritarren eta Udalaren elkarlanari esker gauzatutako proiektu baten emaitza gisa. Hasieratik argi izan zituzten helburu nagusiak: liburutegi berritzaile eta dinamikoa sortzea, eta, aldi berean, komunitatea indartuko zuen kultur topagune bihurtzea, liburuak gordetzeko gune hutsa izatetik harago.
Urteurrena
Liburutegia adin guztietako erabiltzaileei zerbitzua emateko sortu zen, eta urteotan gero eta erabiltzaile gehiago erakartzea lortu du, ez bakarrik zizurkildarren artean, baita bailarako eta Gipuzkoa osoko herrietatik ere. Batez beste, egunean 100 erabiltzaile inguru izaten dira bertan.
Zentzu horretan, Arantxa Zabalaren lana ere azpimarratzekoa da; 37 urte daramatza Zizurkilgo liburutegiko liburuzain gisa. Gaur egungo liburutegia behar guztiak asetzen dituen espazio "zoragarria" dela azpimarratu du.
Urteurrenaren harira, ohiko hileroko jarduerez gain, hainbat ekitaldi berezi antolatu dituzte apirilean zehar. Besteak beste, tertulia literarioak egin dituzte, Memoria de la melancolia eta Gu gabe ere lanen inguruan; Maddi Ane Txoperenak Zaldi bat liburua aurkeztu du; ipuin kontaketa saioak ere izan dira, baita haur irakurketa klubeko hitzordu berezia ere.
Sustraiak, Plazidaren inguruko alea
Ildo horretan, urteurrenarekin batera aurkeztu duten Sustraiak aldizkariaren azken zenbakiak Plazida Otaño du ardatz, eta haren bizitzaren inguruko xehetasunak eta informazio berriak bildu dituzte. Besteak beste, orain arte alaba bakarra izan zuela pentsatzen zen arren, zortzi seme-alaba izan zituela jakinarazi dute. Horrez gain, artean argitaratu gabeko hainbat argazki ere jaso dituzte ale berezi honetan.
Aldizkariaren bidez Plazidaren inguruko ezagutza zabaltzea dute helburu, eta datozen egunotan Zizurkilgo herritarrek euren etxeetan jasoko dute alea.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 691 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.