Prentsa oharra:
Zizurkil, 2025eko maiatzak 4. Aurten ere badator Zizurkilgo Maiatza Saltsan ekimena, eta herriko, bertako, Zizurkilgo sortzaileak eta artistak izango dira protagonistak. Leloak adierazten duen bezala, hortaz, “Sortzaileak saltsan” jarriko dira hilabete honetan zehar.
Asko eta anitzak dira zizurkildar artistak, eta aniztasun horren isla garbia da aurtengo Maiatza Saltsanen egitaraua. Sortzaile bakoitzak bere artea ekarri eta banatuko du herrian, eta gehienek tailerren bidez partekatuko dute sorkuntza hori; izan ere, hamaika tailer eskainiko dira herritarrek arteaz eta kulturaz gozatu dezaten. 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduak izango dira, oraingo honetan, etxeko txikienek egiten duten moduan, helduei eskaini nahi baita unibertso berriak deskubritzeko aukera.
Zizurkil kulturaren epizentro bilakatzen da maiatzean zehar, Udalak nabarmentzen duen moduan “kultura komunitatea sendotzeko tresna” baita. Udalaren lehentasunen artean, hortaz, kultura ekimenekiko atxikimendua eta herritarren parte-hartzea sustatzea daude. Eta, aurtengoan, maiatzeko egitaraua aukera bikaina da herriko sortzaileei merezi duten aitortza egiteko eta elkarrekin gozatzeko.
Ez da kasualitatea herriko sortzaileen lana azpimarratu nahi izatea, Zizurkilgo Udalak kulturgintzan dabiltzanen sarea indartzeko apustu sendoa egin baitu azken hilabeteotan. Horren adibidea da herriko kultura eta euskara mahaia indartzeko saiakera, hots, Maiatza Saltsan ekimena antolatzen den espazioa sendotzeko ahalegina. Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak onartu duenez: “Herriko kulturgintzari dagozkion eztabaidetan eta erabakiak hartzeko uneetan kulturgileen parte hartzea beharrezkoa da. Horregatik, gure asmoa sortzaile herritarrak euskara eta kultura mahaian izatea izan da”. Beraz, kulturgile, kulturazale, hezitzaile, hedabide eta kulturan interesa duen orok jaso zuen gonbita euskara eta kultura mahaira, eta horien artean antolatu da “Sortzaileak saltsan”.
Tailerrak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, dantza emanaldia, irratsaioak... eta askoz ere gehiago izango da hilabete honetako egitarau anitzan. Noski, azpimarratzekoa da bertako sortzaileen parte hartzea, batez ere, tailerretan nagusituko dena:
- Maiatzak 7: Ilustrazio tailerra, Izaro Lizarragarekin
- Maiatzak 13: Idazketa tailerra, Macarena Sanchezekin
- Maiatzak 21: Gorputz espresio tailerra, Iraitz Lizarragarekin
- Maiatzak 22: Moñoak nola egin eta alpargatak nola lotu tailerra, Bukalai dantza taldearekin
- Maiatzak 28: Artile tindaketa tailerra, Virginia Ameztoyrekin
- Maiatzak 31: San Vito audiogida, Hodei Arrastoarekin
Egitarau oparoa
Horiez gain, badira beste hamaika ekitaldi azpimarratzekoak. Maiatzak 17an Anariren kontzertua izango da Atxulondo Kultur Etxean; 29an, aldiz, Rashidek Pasus Tabernan eskainiko du kontzertu. Maiatzak 20ean “Bizitza Baten Txatalak” liburuaren aurkezpena egingo da Iriarte Kultur Etxean, Onintza Enbeita egilearekin batera; baina, gainera, maiatzak 27an Plazida Otaño liburutegian Arantxantxan liburua aurkeztuko da. Haurren biatloia ospatuko da maiatzak 9an, eta, kirolarekin jarraituz, maiatzak 24an Pasaka Txapelketako finalak jokatuko dira Zimiterioan.
Ospakizun eta egun bereziek ere hartuko dute lekua hilabete honetan. Maiatzak 21 eta 22an Pedro Mari Otaño ikastetxean Udaberri Fest ospatuko dute. Bukalai plazara! asteburua ere maiatzean izango da, 22, 23 eta 24an ekintza bereziak egingo baitituzte dantzaren inguruan. Danena eguna, berriz, maiatzak 30an futbol zelaian egingo da. Eta, amaitzeko, Aiztondoko Senidetze Egunaren harira ospakizun berezia izango da maiatzaren 30an Asteasun.
Ainhoa Larrea Zizurkilgo Udaleko kultur teknikariak egitarau oparoa aurkeztu eta zera azpimarratu du: “Zizurkilen, herri txiki bat izanik ere, sekulako aniztasuna dago sortzaileen aldetik. Eurei protagonismoa ematea beharrezkoa ikusi dugu eta oso kontentu gaude herriko sortzaileak babesteko hartutako erabakiagatik.”
Zizurkilgo Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu maiatzeko jardueretan parte hartzera. Herriko sortzaileekin artea partekatzeko aukera ezin hobea izango da, beste hamaika kultur ekitaldiez gozatzeko aukera izango den bitartean!
Harremanetarako telefonoa: 621 15 12 74