Maiatzaren 22tik 24ra ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Bukalai Dantza Taldeak. Kontaiguzue...
Maria Beloki: Asteburu osoan zehar izango ditugu ekitaldiak. Aurreko urtetan, ikasturte amaierako emanaldi berezia egin izan dugu Maiatza Saltsaneko egitarauaren barruan. Ostiral arratsaldean egin dugu orain arte; larunbat goizera pasa dugu aurtengoa. Ostiral arratsaldean, berriz, behar bati erantzuteko tailerra egingo dugu. Emanaldietara ilea moñoan bilduta gerturatzea eskatzen diegu dantzariei, eta moñoak egiten ikasteko gogoa bazegoela sumatu genuen. Alpargatak ondo lotzea ere garrantzitsua da, horregatik, moñoak egiteko modu ezberdinak erakusteko eta alpargatak ondo lotzeko tailertxoa izango dugu martxan maiatzaren 23an, 17:00etan hasita, Joxe Arregi plazan. Ordubete inguruko saioa izango da eta erabat irekia da, interesa duten guztiei zuzendua. Jarraian, plaza dantzak egingo ditugu Joxe Arregi plazan.
Idoia Barandiaran: Urria-azaroa inguruan Itziar Otamendik gidatutako dantza saioa egin genuen plazan eta oso polita izan zen. Adin ezberdinetako jendea animatu zen parte hartzera eta giro ederra sortu zen. Polita iruditu zitzaigun Maiatza Saltsan ekimenari lotuta horrelako saio bat berriz ere antolatzea.
Dantza herrira ateratzea da asteburuaren helburua, ikusgarritasuna ematea. Bigarren helburu bat ere badugu; matrikulazioa pixka bat bultzatzea. Gaur egun, eskolaz kanpoko jarduera asko dute aukeran gazteek, eta ez da erraza. Dantza kalera ateratzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu, herriari bizitasuna emateko eta gaztetxoek dantza gertutik ikusteko aukera izan dezaten.
Aristerrazuko erromeriara irteera ere iragarri duzue...
M.B.: Udalarekin elkarlanean antolatu dugu erromeriara joateko irteera. Erabat irekia izango da, nahi duten herritar guztiei eskainia. Beharrezkoa izango da aurrez Udal Bulegoetan izena ematea.
Ikasturtea aurrera doa, nola joan da aurtengoa?
M.B.: Talde berria sortu da aurtengo ikasturtean, eta pozik gaude emaitzarekin. Hau ere aspaldiko premia bati erantzuteko sortu zen. Kalean, batek baino gehiagok aipatu izan zidan erromeriako dantzak ikasteko gogoa. Fandangoa, arin-arina, Zazpi jauzi, Axuri beltza... gisa horretako dantzatan trebatu nahi zuten, erromeriatan edo herriko festetan dantzatu ahal izateko. Saiakera bat baino gehiago egin izan da, baina ez genuen lortzen taldea osatzerik. Aurtengo urtarrilean hartu du forma ekimenak, eta 10 pertsonako taldea ari da erromeriako dantza horiek ikasten.
M.B.: Gainerantzean, 45 dantzari inguru ditugu une honetan. Txikien taldeak indartsu daude. LH6 eta DBH1 inguruko dantzarien taldea da hankamotz xamar geratu zaiguna. Adin horretako bost dantzari ditugu. Oso gustora ari dira eta ilusioz ikusten ditugu. Horregatik, plazara ateratzeko garaian, gazteen taldearekin aritzeko aukera ematen diegu. Oso motibagarria da beraientzat helduagoekin aritzea.
I.B.: Maria da gaztetxo horien irakasle, eta oso harreman polita sortu du. Asmatu egin du haiek motibatzen, eta antzematen da.
Zeintzuk dira Bukalai dantza taldearen etorkizuneko erronka nagusiak?
M.B.: Matrikulazioa indartzea da gure lehentasuna. Aurten lanketa berezia egin nahi dugu. Herriko eskoletara joan, eta dantza saiotxo batzuk egitea da helburua, haurrak Bukalaira erakartzeko.
I.B.: Horrez gain, matrikulazioa ekainean egin nahi dugu aurten. Aurreko urteetan irailean egin izan da; ordurako, gainerako eskolaz kanpoko jarduerek lotuta izaten dituzte euren jardunaldiak eta dantzakoa geratzen zen azkena. Ekainerako lotzea egokiagoa dela iruditzen zaigu eta horretan saiatuko gara. Horrez gain, Bukalaiko taldeen arteko zubi lana ere martxan jarri nahi dugu. Adin ezberdinetako haurrek elkarrekin dantza egiteko aukera izan dezaten, beharrezkoa da lanketa egitea. Bi helburu ditu horrek; batetik, talde izaera indartzea, eta bestetik, emanaldietan zenbait dantza eskaini ahal izatea. Izan ere, zenbait pieza dantzatzeko, ikusgarriagoa da talde handian aritzea. Azkenik, Bukalai taldeak arropa asko du gordeta, eta datozen emanaldietan arropa hori atera nahi genuke.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 692 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.