Errebantxarako gogoz kantxaratu dira Urbieta I eta Urbieta IV. Izan ere, iaz txapeldun gertatu baitziren Urbieta II eta Urbieta III. Anaia eta lehengusuen arteko lehian, laster hartu du aurrea Urbieta I eta IV-k osatutako bikoteak.
Tarte handia hartu dute hasieratik eta, lortutako abantailari eustea izan dute helburu. Aurkariek markagailuan pixka bat aurreratzea lortu badute ere, ezin izan dute tarte osoa berreskuratu eta, 13 eta 8ko emaitzarekin, txapeldun izan dira Urbieta I eta Urbieta IV.
Apirilean ekin zioten txapelketari sei bikotek. Zizurkilgo Zimiterioan jokatu dituzte partida guztiak. Euskal pilotaren modalitate zaharra da pasaka, binaka jokatzen da, erdian sarea dela. Jokoetara jokatzen da eta, gaurko finala 13 jokotara lehiatu dute. Joko azkarra eskatzen du pasakak, ikusteko bizia.