Festarako gonbita zuzena eginez hasi du agerraldia Eñaut Sorarrainek. Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko lehendakaria da Sorarrain eta, hitzokin luzatu du jaira gerturatzeko gonbidapena: “Urtero bezala, Eskola Txikien Komunitatea osatzen dugun kideak, festa giroan elkartuko gara ekainaren 14ko jaian, herri eta auzo txikietan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatzeko”.
Eskola Txikiek herri txikientzat duten garrantzia azpimarratu du Baikarako ordezkari den Ander Jimenezek: “Eskola Txikiek herriak bizirik mantentzen dituzte, komunitatea indartzen dute eta haurrei beren ingurunearekin lotura sendoa eraikitzeko aukera ematen diete. Baina harremana norabide bikoa da: herri txikiek eta landa eremuak ere bizia ematen diete Eskola Txikiei. Elkar elikatzen dute, elkar indartzen dute, eta elkarrekin eraikitzen dute gure herriaren etorkizuna”.
Ildo beretik jarraitu du Irati Manzisidorrek ere. Haren esanetan, “ez dugu lo-leku eta argazki idilikorik nahi, herri eta auzo txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu eta zailtasunak zailtasun honek horrela jarrai dezan lan egiten dugu Eskola Txikietan”.
Festa handia izango da Zizurkilgoa eta antolaketa lanak egiteko, elkarlanean aritu dira zizurkildarrak. "Urte guztian zehar lanean jardun dutenez gain egunean bertan 200 lagun! Erraz esaten da baina 200 izango dira festa hau aurrera ateratzeko lanean jardungo duten bolondresak”, azpimarratu du Irati Manzisidorrek.
Ez da hau Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Zizurkilen antolatzen duten lehen aldia. Maitane Telletxea Mendigain eskolako zuzendaria da eta 1998an Zizurkilen ospatutako jaia aipatuz hasi du bere hitzartzea: “Orain baino txikiagoa zen orduan gure eskola, haur eta familia gutxiago hartzen zituen eta eskolari eusteko borroka egitea egokitu zitzaien orduko kideei. Txikitasun hartan handia egin zuten eta gaur bezala, orduan ere ilusioz aritu ziren. Orduko ahaleginak eta hurrengo urteetan egindako lanak emaitza ederrak eman ditu. Egun, ia 60 haur dabil Mendigain eskolan eta bizi-bizirik dago eskola”.
Gipuzkoako Eskola Txikien festa Zizurkilgo herrigunean ospatuko da eta, Maite Amenabar alkateak bereziki gogoan izan zituen bertako herritarrak: “Bolondresen lanari esker aterako da aurrera ekainaren 14ko festa, eta haiei ere eskerrak eman beharrean gaude, noski. Urte osoko lanaren fruitua bizituko dugu datorren igandean eta ederra izango da”.
Oharrak eta egitaraua
Egunean bertan Zizurkilera gerturatuko direnei zuzendutako oharra ere zabaldu nahi izan dute. Izan ere, egun horretan ezingo baita herrigunera autoz gerturatu. Aparkaleku ezberdinak prestatu dituzte antolatzaileek eta, egun osoan zehar autobus zerbitzua martxan izango da, herrigunera gerturatu ahal izateko. Elbarrenako biribilgunean eta Zubiaurretxon egingo ditu geldialdiak autobusak herrigunera gerturatzeko. 09:30etatik 20:00etara, etenik gabe ibiliko da autobusa, festara etortzeko modu erosoa eskainiz.
Olentzo aldeko errepidea, berriz, erabat itxita egongo da. Trafikoa bideratzen lanean arituko diren bolondresen argibideak jarraitzeko eskaera luzatu dute antolatzaileek.
Aratz Alkorta Zizurkilgo Mendigain eskolako Urkamendi guraso elkarteko ordezkarietakoa da. Hark eman du egitarauaren inguruko berri eta, bereziki, eguneko berezitasuneko bat azpimarratu du: “Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat eskolarteko jolasak eta jokoak izango ditugu. Hor jarri nahi izan dugu arreta berezia: haurrek ez dezatela eguna soilik beren eskolako lagunekin pasa, baizik eta beste herrietako haurrekin jolasteko, nahasteko eta elkar ezagutzeko aukera izan dezatela”. Eta, festa guztientzat gozagarri izan dadin, “egun osoan lasai-gunea eta edoskitze gunea zabalik egongo dira eskolan”.

