Urtero bezala, aurten ere urriaren hasieran egingo da azoka berezia herrigunean. Udala dagoeneko ideia lantzen hasi da, eta, horregatik, datorren asteartean, ekainaren 30ean, bilera egingo da Iriarte Kultur Etxeko areto nagusian. Udalak eta herriko ekoizle batzuek herritar guztiei zabaldu nahi die deialdia.
Aurten Zizurkilgo ekoizleak jarri nahi dira erdigunean, helburua euren produktuak ezagutaraztea eta balioan jartzea izango baita. Horretarako, azokan bertan herriko baserritarren produktuen dastaketa antolatu nahi da. Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak adierazi moduan: “Azokaren izaera indartzeko bertako eta tokiko kontsumoa sustatzea behar-beharrezkoa iruditzen zaigu, eta herritarrek herrian dugun produktua ezagutzea”.
Helburua betetzeko ordea, Udalaren, ekoizleen, eta herritarren elkarlana beharrezkoa izango da. Horregatik, datorren asteartean, hilak 30, arratsaldeko 19:30ean, Zizurkilgo Udalak bertako ekoizle herritarrak gonbidatu nahi ditu Iriarte Kultur Etxeko areto nagusira, herritarren babesa, inplikazioa, parte-hartzea eta konpromisoa funtsezkoak izango baitira proiektua aurrera eraman ahal izateko.