Zabaleta eta Erasun, VIII. San Fermin torneoa Master cupeko finaletara

Aiurri 2026ko ekainaren 27a

VIII. San Fermin torneoko finalerdiak jokatu zituzten atzo Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Goiuri Zabaleta eta Itxaso Erasunek lortu zuten uztailaren 11n jokatuko den final handirako txartela. 

Partida gogorra izan zen, tanto luze askorekin. Aldai-Bergara eta Zabaleta-Erasun, San Fermin torneoko finalerako txartela lortzeko lehiatu ziren, eta inork ez zuen aukera hori galdu nahi. Markagailua ere oso berdinduta egon zen partidaren une askotan. Azkenean, gorriek aurrea hartzea lortu zuten eta 22-16ko markagailuarekin lortu zuten garaipena.

Aurretik, pilotari gazteek jokatu zuten partida. Intza Arruti pilotari zizurkildarra aritu zen lehen partida horretan eta hark ere garaipena etxeratu zuen, Galardirekin bikote osatuta.

Bero zegoen Intxaur pilotalekuaren barrualdean. Harmailetan ikusle asko batu zen eta giro ederrean joan zen arratsaldea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!