Ostiralean abiatuko da VI. Intxaur Pilota Txapelketa

Ainhoa Gil 2026ko uztailaren 15a

Uztailaren 17an abiatuko da VI. Intxaur Pilota Txapelketa eta abuztuaren 13an, Zizurkilgo jaietan jokatuko dira final handiak. Zizurkilgo Udalaren eta Pilotaren Txokoaren lankidetzari esker antolatzen da txapelketa hau.

Gaur goizean egin dute txapelketaren aurkezpen ekitaldia, Intxaur pilotalekuan bertan. Ohi legez, hainbat maila eta kategoria izango ditu txapelketak. Alde batetik, promesa mailako txapelketa jokatu da; eta, bestetik, elite mailako partidak ere izango dira. Ostiral eta larunbatetan izango dira partidak, uztaila eta abuztua artean, abuztuaren 13ko finalerata iritsi arte. 


Gainera, emakume kategoria ere izango du txapelketak. Bada, kategoria guztietako EAEko, Nafarroako eta Errioxako pilotari hoberenak izango dira Zizurkilen. Afizionatu txapelketa honetan puntako pilotariek parte hartzen dute, eta, horregatik, Ainhoa Larrea Unzain Zizurkilgo Udaleko Kirol Teknikariak zera azpimarratu du: “Azkeneko urteetan profesionaletara salto egin duten pilotari asko pasa dira gure txapelketatatik”.

Ziotza pilota elkartea ere aipatu du Larreak: "Taldeak presentzia handia du herrian, eta hortik sortu zen herrian lau eta erdiko txapelketa antolatzeko ideia hau". Dagoeneko errotutako txapelketa da Intxaur pilota txapelketa: "Oso harrera ona izaten du pilotarien artean, eta kartel polita osatu dugu aurten ere".

Udal teknikariak eskertzarako tartea ere hartu du gaurko agerraldian: "Eskerrik asko Ziotza elkarteari, Pilotaren Txokoari partida guztiak internet bidez eskaintzeagatik eta, nola ez, Joxean Alberdi herritarrari, urtero txapelketa hau antolatzen egiten duen lanagatik. Hark hitz egiten du pilotari guztiekin. Pilotari guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, parte hartzeagatik. Jaialdi polita izaten da". 

Bestalde, bere lekutxoa du txapelketak Zizurkilgo Herriguneko festen baitan, finala festetan jokatzen baita. Eta Izarne Zelaia Arratibelek, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotziak horrexek txapelketak “herriarekin duen errotze maila handitzen” duela gaineratu du.

Pilotariak eta partida egunak

Guztira hamasei pilotarik parte hartuko dute. Promesa mailan Madina, Arnaolea, A. Eguiguren, Nazabal, Sarasibar, Ramirez, Beitia eta Olasagasti izango dira. Elite mailan, berriz, Albizu, Etxaniz, Irribarria, Lizeaga, Olaizola, J. Alberdi, Cestau eta Hormaetxea. Emakumeen  kategorian Arrillaga, Erasun, Gamindez eta Zabaleta arituko dira.

Hain zuzen ere, Zelaiak emakumeen kategoria azpimarratu du: “Intxaur Pilota Txapelketan emakumezkoen kategoria izatea garrantzitsua da guretzat, emakumezkoen pilota sustatu nahi dugu eta herritarrei deia egiten diegu emakumezkoen pilota partidez gozatzera hurbildu daitezen”.

Gogotsu agertu da Joxean Alberdi: "Ilusioz ari gara.  2020an antolatu genuen lehendabizikoa, froga moduan eta bide polita egin dugu geroztik. Lan handia eskatzen du antolaketak, bereziki data hauetan txapelketa asko egoten delako martxan eta zaila delako pilotariak lotzea, baina ilusioz aritzen gara. Bestalde, izen handiak pasa dira hemendik eta hori polita da, baina horrez gain, garrantzitsua da inguruko pilotariei ere aukera eskaintzea. Zizurkil bera herri txikia da, baina hemen ere izan ditugu eta baditugu pilotari handiak. Txikiekin lan handia egiten da eta hori oso garrantzitsua da". 


Bide batez, txapelketako partida guztiak ikusteko aukera izango da eta lau egunetan jokatu dira sailkapeneko zazpi partidak. Hau da, lehen hiru egunetan (uztailak 17, uztailak 18 eta uztailak 24) bi partida ikusteko aukera izango da, eta uztailaren 26an partida bakarra eskainiko da. Partida horixe, 18:00tan jokatuko da; besteak, aldiz, 12:00tan.


Hortaz, finalaurrekoak abuztuaren 1ean eta abuztuaren 8an iritsiko dira. Eta final handia, abuztuaren 13an jokatuko da, aipatu bezala, Zizurkilgo herriguneko festen baitan. Emakumeen kategoriako partidak finalaurreko eta finaleko egunetan jokatuko dira. Partida guztietan sarrera doakoa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!