Noiz hasten dituzue Jai Batzordeko lanak eta zeintzuk izaten dira zeregin nagusiak?
Nagore Iraola: Ikasturte hasieran egiten dugu lehen bilera, iraila aldera. Datorren urteko festatarako proposamenak egiten hasten gara lehen bilera horretan. Datak finkatu, eta musika taldeak lotzen hastea izaten da lehen egitekoa. Herri askotan izaten dira festak data horietan eta musika taldeak ahalik eta azkarren lotzea komeni izaten da.
Eraitz Oyarbide: Musika talde gehienek urte hasieran irekitzen dute urteko plangintza, baina aurretik haiekin harremanetan jartzen saiatzen gara, kontuan har gaitzaten. Jendea erakartzeko, kontzertu gau indartsua antolatu nahi izaten dugu, eta garrantzitsua da garaiz hastea. Ostiralarekin egingo dugu aurtengoa: Sukena, Aingura eta Fifi eta Fefa Dj-a izango dira aurten. Aiztondoko herritarrek taxi zerbitzua izango dute. Horixe izaten da jaietako egunik jendetsuena, edo kanpoko jende gehien erakartzen duena. Gainerako egunetan herritarrak ibiltzen gara gehienbat eta hori ere oso polita da.
Berrikuntzarik izango al da aurten?
N.I.: Abuztuaren 12an hasiko dira jaiak, eta egun horretan eguzki eklipsea izango da. Txupinazoaren ondoren, elkarrekin eklipsea ikusteko hitzordua jarri dugu. Etxemaiteko etxe-inguruan elkartuko gara horretarako.
E.O.: Beste aldaketa nabarmena azken egunean izango da. Dermatosia dela eta, ez da idi-probarik egiterik izango. Horren ordez, herri kirol erakustaldia antolatu dugu. Bertso saioa ere jaietako azken egunean izango da, eta ohi baino lehenxeago; 22:30etan hasita.
Horrez gain, pasaka txapelketa egingo da eta aurten, umeena ere antolatu da, lehendabiziko aldiz.
Zein izaten da jaietako zuen egunik gustukoena?
N.I.: Lehen eguneko oilasko bilketa oso polita izaten da. Bazkaria, Elektrotxufla elektrotxaranga... oso giro polita sortzen da.
E.O.: Ostiraleko kuadrilla eguna ere polita da. Herri kirolak, bazkaria... oso ondo pasatzen dugu. Kuadrilla bakoitzak bere ardura izaten du bazkaria antolatzeko garaian: batzuk mahaiak jarri, besteek zerbitzatu..., ondo moldatzen gara modu horretan antolatuta. Andoni Ollokiegi etortzen da bazkalondoan, eta sekulako giroa jartzen du. Adin guztietako herritarroi gustatzen zaigu gainera.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 697 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.