Oilasko-biltzaileek jarri dute martxan Zizurkilgo jai egitaraua

Ainhoa Gil 2026ko abuztuaren 12a

Goizeko 06:30etan elkartu dira Zizurkilgo gazteak eta, baserriz baserri abiatu dira. Oilaskoak bildu, hamaiketakoa egin..., bero zakarrarekin, baina giro ederrean ibili dira, etxe atari bakoitzean dantza eginez. Plazara itzulita, dantza egin dute herrikideen aurrean eta elkarrekin bazkaldu dute pilotaleku txikian. 

Arratsaldean ere izango da zertaz gozaturik Zizurkilen. Eguzki eklipsea ikusteko tartea ere hartuko dute bertan. 

17:00 Haur eta gazteen pasaka partidak zimiterioan.

18:30 Elektrotxufla elektrotxaranga plazan.

20:00 Jaiei hasiera emateko suziria. Aurtengo Txapel Eguneko txapelduna izan den Urkamendi Guraso Elkarteak piztuko du, Iriarte Etxeko balkoian.

20:15 Eklipsea ikusteko hitzordua.

21:00 Herri afaria plazan. 

Ondoren, erromeria Olgetan taldearekin.

 

Datozen egunetan ere jaiak ez du etenik izango. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!