Amaitu dira Atxulondo Kultur Etxeko birgaitze energetikorako lanak

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, amaitu dira Atxulondo Kultur Etxeko lanak. Eraikinaren energia-kalifikazioa E mailatik C mailara hobetu da.

Zizurkilgo Udalak Atxulondo Kultur Etxearen energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egin ditu. Martxoan ekin zitzaion proiektuari, eta abuztuan amaitu dira lanak. Hala, Udalak, legealdia amaitzeko urtebete falta den honetan, hartutako konpromiso garrantzitsuenetako bat bete du.

Eraikinaren kanpoaldean egin dira lanak, bero-galerak murriztu eta energia-eraginkortasuna handitzeko; hau da, isolamendua hobetzeko helburuarekin. Horretarako, bai fatxada, baita estalkia ere berritu dira. Horri esker, Atxulondo Kultur Etxearen energia-kalifikazioa E mailatik C mailara hobetu da. Hobekuntza hori eraikinaren energia-eraginkortasunean izandako aurrerapenaren eta energia-kontsumoa murrizteko egindako lanen emaitza da.

Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: “Hasieratik argi izan dugu udal-eraikinak hobetzea eta jasangarritasunaren alde egitea lehentasunezkoa dela. Atxulondoko obra horren adibide da. Energia-eraginkortasuna hobetu dugu, eraikina erosoagoa da orain eta legealdian hartutako konpromiso garrantzitsu bat bete dugu”.

Helburu horiek betetzeko, hainbat lan gauzatu dira: aldatzeko zeuden leihoak berritu dira, teilatua konpondu eta eraldatu da, eta fatxada berria SATE (Sistema de Aislamiento Térmico Exterior) eta fatxada aireztatu sistemekin osatu da. SATE sistema beheko solairuko zatian jarri da; fatxada aireztatua, berriz, gainerako solairuetan.

Egindako hobekuntzei esker, eraikinak energia-kontsumoa murrizten lagunduko du, eta erabiltzaileei espazio erosoago eta jasangarriagoa eskainiko zaie. Gainera, obraren emaitzen lehen zantzuak uda honetan bertan nabaritu ahal izan dira. Izan ere, azken hilabeteotako beroaldietan eraikinaren barrualdea ez da beste batzuetan bezainbeste berotu.

Besteak beste, urte honetako maiatzaren 27an, beroaren ondorioz, Atxulondon aurreikusitako ekintzak herriko beste espazio batzuetara lekualdatu behar izan ziren. Uztaileko beroaldian, aldiz, eraikinaren barruan egotea erosoa zen.

Lanen kostua eta dirulaguntzak

Urbycolan enpresari esleitu zitzaion obra gauzatzea. Obrak 391.482,48 euroko aurrekontua izan du, eta Udalak 150.000 euroko dirulaguntza jaso du proiektua gauzatzeko. Egitasmoa Europar Batasunaren NextGenerationEU programaren bidez finantzatu da, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.

Inbertsio horren bidez, epe luzera, eraikinaren energia-kontsumoa murriztuko da, erabilera-baldintzak hobetuko dira eta erabiltzaileei, zizurkildarrei, espazio erosoagoa eskainiko zaie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!