Kotxe eta Moto Klasikoen Topaketa, irailaren 5ean

Leire Uranga

Joseba Mendizabal antolatzailea.

Irailaren 5ean ospatuko da Zizurkilgo Kotxe eta Moto Klasikoen laugarren topaketa. Joseba Mendizabal antolatzaileak azaldu ditu ekitaldiaren nondik norakoak eta aurtengo bitxikeriak

Zizurkilgo Kotxe eta Moto Klasikoen laugarren topaketa egingo da irailaren 5ean. Nola sortu zen egitasmoa?

Ni inguruko herrietan eta kanpoan ibiltzen naiz, erakusketetan, topaketetan... kotxe eta moto klasikoen mundu honetan. Orain dela urte asko, Zizurkilen "mobileten" lasterketa egiten zen, Fraisorora gora; "mobileten" igoera eta jaitsiera izaten zen. Hura berreskuratu nahian, 2018an eta 2019an motoen Fraisororako igoera lasterketa antolatu nuen. Baldintzetako bat zen motoek danbor-frenoak izatea. Oso polita izan zen, eta bi urtez egin genuen. Gaur egun, ordea, ezinezkoa da lasterketa hori antolatzea; ez dago horretarako aseguru etxerik, eta parte hartzen duten pilotuek federatuta egon beharko lukete.

Horri buelta bat eman, eta gaur egun topaketa, erakusketa, ibilbidea, sari-banaketa, bazkaria eta kontzertua egiten ditugu. Aurtengoa laugarren edizioa izango da. Festen aurreko asteburua da, eta jendea pixka bat saltsan sartzen joateko plan bikaina da, kontzertu eta guzti.

Nolako parte-hartzea espero duzue aurten? 

Aurreko urteetan parte-hartzaileen zerrenda osatu izan dugu, baina aurten ez da halakorik egongo. Beraz, egunean bertan etortzen diren guztiak ongietorriak izango dira. Eguraldiak ere baldintzatzen du parte-hartzea; ikusiko da aurten zenbat animatzen diren.

Kotxeak lau puntu ezberdinetan elkartuko dira, modeloaren eta urtearen arabera: plaza atzean, plaza aurrean, Renfeko aparkalekuan eta Aizpuruaneko aparkalekuan. Moto guztiak, berriz, plazan elkartuko dira; festetako karpa aprobetxatuko dugu horretarako.

Ba al dago aurten arreta berezia merezi duen ibilgailurik?

Bai, badaude bat baino gehiago. Hoberena bertaratu eta ikustea. Munduan bakarra den kotxe bat etorriko da, beste bat 1912koa, beste bat 1913koa... Ikusgarria izango da.

Goizean ibilbidea egingo duzue. Nolakoa izango da? Nondik nora ibiliko zarete?

Zizurkiletik aterako gara eta Amasa-Villabona gurutzatuko dugu. Nazionalera atera, Irurara sartu eta Anoetatik barrena Tolosara joango gara. Tolosan Alde Zaharretik sartu eta zezen plazaraino iritsiko gara. Handik, berriro Anoetara joango gara, eta Anoetatik Alkizara. Alkizatik Asteasura jaitsiko gara, eta gero, Olentzo jatetxearen parean, Zizurkil gora hartu, behera jaitsi eta bakoitza bere aparkalekura itzuliko da. 

Ibilgailuak erakusteaz gain, sari-banaketa ere egingo duzue. Zer sari banatuko dituzue?

Kotxe eta moto zaharrenek sari bana izango dute, baita pilotu gazteenak eta zaharrenak ere. Aurten, gainera, jantzi egokienari edo politenari ere emango diogu saria. Kotxe zaharrak ekartzen dituztenek garai hartako jantziak ere ekartzen dituzte, eta oso polita izaten da.

Moto eta kotxe politenak ere sarituko ditugu, eta horiek publikoaren boto bidez aukeratuko dira. Ibilgailu bakoitzak pegatina bat izango du, eta jendeak botoa dagokion kutxan sartu ahal izango du.

Topaketa ez da ibilgailuetara mugatuko: bazkaria eta Arima Soul taldearen kontzertua ere izango dira. Herritar guztiei irekitako egun bat osatzea al da asmoa?

Bai, noski. Bazkaria irekia da, eta ikustera etortzen den oro gonbidatuta dago. Aurretik zerrenda bat osatuko da, txartela emango zaio bakoitzari, eta bazkaltzen geratzeko aukera izango du.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 698 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!