Fraisoro Eskolan udazkeneko erlezaintza ikastaroa eskainiko dute. Ikastaroan parte hartzen dutenek udazkeneko erlezaintzaren ziklo osoa ikasiko dute, horretarako, saio teorikoak eta benetako praktika tartekatuz. Balerdipeko Erleakeko Mattin Jauregi izango da saioak aurrera eramateaz arduratuko den irakaslea. Ikastaroak 15 orduko iraupena izango du, astelehen eta asteazken arratsaldetan banatuta. Saio teorikoak Fraisoron eskainiko dituzte eta bi orduko iraupena izango dute; saio praktikoak, berriz, Balerdipeko Erleaken Zizurkilgo erlategian egingo dituzte eta hiru ordu iraungo dute. Parte hartu nahi duenak irailaren 10a baino lehen eman beharko du izena Fraisoro Eskolan, 943692162 telefono zenbakira deituz edota fraisoro@fraisoroeskola.eus helbidera idatziz. Ikastaroaren aurreneko saioa irailaren 14an izango da, eta irailaren 30ean amaituko dute.
Gai ugari jorratuko dituzte ikastaroan zehar. Batetik, udazkenean erlauntzaren egoera nola baloratu eta negurako nola prestatu ikusiko dute: populazioa, erreserbak, erreginaren egoera eta beharrezko maneiuak... Horrez gain, eztia biltzeko eta ateratzeko prozesua, barroaren aurkako tratamenduak eta udazkeneko gainerako lan praktikoak landuko dituzte. Erlauntzako produktuak ere ezagutuko dituzte, bereziki eztia eta propolia, horiek nola bildu, prestatu eta aprobetxatu ikusiz.