XVII. kros misto arrakastatsua Zizurkilen

Iraia Sanchez Arregi

Partaidetza zabala izan zuen aurtengo krosak, bai haurretan eta baita helduetan ere. Eguraldiak karreran zehar ateri eutsi zion eta giro ederra sortu zen krosaren bueltan.

Asteartean, hilak 8, ospatu zen Zizurkilgo XVII. kros mistoa. Txikitxoenen artean korrikalari ugari animatu zen parte hartzera, eta animatzaileekin batera giro ederrean ospatu zen. 18:45ean hasi ziren txikienen karrerak, eta helduena 19:00ak puntuan abiatu zen. Euria hasiko zela bazirudien arren, krosa amaitu arte ateri eutsi zion.

Helduen kros mistoan 50 bikotek hartu zuten parte, eta Paula del Pozok (Alegia) eta Axier Mujikak (Ibarra) osatutako bikotea izan zen garaile, 45 segundoko aldearekin. Bigarren postua Idoia Nogalesek (Deba) eta Alberto Arberasek (Elgoibar) eskuratu zuten, eta hirugarrenean Irene Iturria (Bidania) eta Jesus Iturria (Bidania Goiatz) geratu ziren. Podiumera heldu ziren bikoteek Mahalako saski bana irabazi zuten. 5 Km luzerako lau itzuli zirkularreko ibilbidea egin zuten, eta korrikalariek abiadura handian ekin zioten lasterketa osoan.

Adin guztietako korrikalariek parte hartu zuten, eta horien guztien artean, amaieran, herriko tabernetan bi lagunentzako afariak zozkatu zituzten. Danenan bertan dutxatzeko aukera eskaini zitzaien, eta giroarekin aurrera jarraitzeko, barrikoteaz gozatzeko aukera eduki zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!