Herriko liburuzainen eskutik lehertu zen festen hasierako txupinazoa

Iraia Sanchez Arregi

Plazida Otañoko hiru liburuzainak izan ziren Elbarrenako festen pregoilariak. Festak gozarazteko deiaz gain, aldarrikapenek ere euren tokia izan zuten txupinazoa bota aurreko hitzartzean.

Plazida Otaño liburutegiak 10 urte bete ditu aurten, eta egindako lanaren aitortza moduan eurak arduratu ziren Zizurkilgo Elbarrenako festetan txupinazoa lehertzeaz. Udari agur esateko festaz blaitu zen Zizurkilgo plaza.

Arratsaldeko 20:00etan eman zioten hasiera Meloren hitzartzearekin. Urte osoan zehar herria bizirik mantentzen duten talde eta txoko askoren lana aitortu zuen haren aurreneko hitzetan, festak antolatzearen atzean dagoen lan guztiari aitorpena eginez. Horien artean Plazida Otaño liburutegia, herriko plazaren bihotzean kultura herriarengana hurbiltzeaz arduratzen den txokoa nabarmenduz.

Iaz txupinazoan izandako Egarri tabernako kamareroak pasa zieten errelebo makila liburuzainei, eta festa batzordeak urteroko oparia eman eskaini zien, Meloren erreplika.

Festa hasi aurretik gauza bat argi utzi nahi izan zuten: Zizurkilgo festak euskaldunak, partehartzaileak, errespetuzkoak, eta denok gozatzekoak direla. Horrekin batera, eraso matxista, arrazista, LGTBIQ+ fobiko edo bestelakoek ere ez dutela inongo tokirik bertan argi adierazi zuten.

Urtetako lanaren aitortza

Herritik eta herriarentzat sortutako liburutegiak aurten 10 urte bete ditu, erabat publikoa eta doakoa dena. Hiru liburuzainek bakoitzak liburutegiaren garai ezberdin bat irudikatzen dutela adierazi zuten: Irene Urruzolak iragana, Ainhoa Sukiak etorkizuna eta Arantxa Zabalak iragan luzea, oraina eta etorkizun hurbila.

Liburutegia belaunaldi arteko elkargune dela adierazi zuten, belaunaldi bakoitzak haren tokia duelarik bertan. “Txikiak ipuinen mundu magikoan lehen pausoak ematen guraso zein ipuin kontalarien eskutik; gazteak, euren jakin mina asetzen edota ligatzen, helduagoak irakurtzearen aitzakiapean ideiak partekatzen tertulietan, adinekoak egunkariak eta aldizkariak irakurtzen, etorkin ugari bete beharreko paper zerrenda amaigabeen artean galduta.” Liburutegiko komunitatea osatzen duten guztiei euren tokia eman nahi izan zien. Hor zeuden komunitatearen adierazle diren kide batzuk: euskarazko eta gaztelaniazko literatur tertuliatako kideak, Aiztondoko beste herrietatik Zizurkilgo liburutegian parte hartzen duten irakurleen ordezkariak, herriko artista zein ipuin kontalariak, haur irakurketa klubeko kideak, Zizurkilgo herriko historia josten dabiltzan Hernandorena elkarteko ordezkariak eta etorkizuneko idazle eta irakurleak izango diren haurrak.

Aldarriek ere euren tokia hartu zuten hitzartzean zehar. “Bizi ditugun desinformazio, gezur eta garai beltz hauetan, kultura, irakurketa eta komunitatea” aldarrikatu zituzten. “Liburutegia euskal kultura sustatzeko, euskara bultzatzeko, feminismoan sakontzeko, arrazakeriari aurre egin, elkarri heldu eta aurrera egiteko espazio ezin hobea” dela garbi utzi zuten.

Txupinazoa lehertzearekin batera, erraldoi eta buruhandiak egon ziren herriko plazan JunDaJo txarangak girotuta, txikitxoenak zein helduak dantza jarraraziz.

 

Erlazionatuak

Zizurkilgo Elbarrenako festetako txupinazoa

Iraia Sanchez Arregi ira 10, 13:25 Zizurkil

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!