Bertsoz alaitu zuten iluntzea Zizurkilen

Oihana Iguaran, Miren Artetxe, Oihana Arana eta Haizea Arana aritu ziren bertsotan Zizurkilgo elizan. Giro ederrean bildu ziren bertaratutako bertsozaleak.

Elbarrenako festen bigarren egunean bertso saioa egin zuten Igotz Alkorta bertako herritarra gai-jartzaile aritu zela. Elizako oholtza emakume bertsolariek osatu zuten, tartean eskualdeko Oihana Iguaran bertsolaria zela. 20:00etan eman zioten hasiera bertso saioari, bitartean herriko plazan bingo musikatuan zebiltzala.

Bertaratu ziren bertsozaleek barre artean hartu zituzten herriko anekdoten inguruko gaiak. Umoreaz gain, aldarrikapenek zein gizarteko kezkek ere euren tokia eduki zuten. Ohiko bertso egiturez gain, Igotzek jolas moduko erronkak ere bota zizkien, giro alai eta dinamikoa gailenduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!