50 bat kuadrila eta guztira 800 lagunetik gora elkartu dira kuadrilen eguneko herri bazkarian. Eguraldiak lagunduta giro polita sortu da herriko plazan. Festa batzordeko kideek azaldu digutenez, garai bateko jolasak berreskuratu nahi izan dituzte azken urte hauetan. Baina, bazkal osteko aulki-jokoa bezalako jolas tradizionalek arrakasta gutxi zutela ikusita, aurten eraberritzea proposatu zuten. Askotariko ideiak bildu ondoren, azkenean 6 frogaz osaturiko galdetegi bat prestatu zuten, eta gaurko egunean kuadrila askok parte arte dute galdetegi horretako ahalik eta froga gehien gainditu nahian. Hieroglifikoei, herriari buruzko galderei zein froga matematikoei aurre egin behar izan die parte-hartzaileek. Galderak erantzun ahal izateko kuadrilen arteko lankidetza egon dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta, beraz, galdera guztiak osatu dituzten talde dezente egon dira. Horien guztien artean zozketatu dute saria.
Festarekin aurrera jarraitzeko, Anuk eta Eleneren kantaldi akustikoa eduki dute. Azken momentuko arazoak izan direla eta, programan aldaketatxo bat egin behar izan dute, eta hori ordezkatzera etorri da bikote usurbildarra. Askotariko abestien bertsioak abestuz girotu dute bazkal ostea.