Azokaren helburua bertako baserritarren lana eta herriko ekoizpena balorean jartzea da. Horretarako, besteak beste, bertako ekoizleen produktuen dastaketa egingo da azokan bertan, eta hori guztia aurrera eramateko, herritarren parte-hartzea beharrezkoa izango da. Gauzak horrela, boluntario-lana egiteko deia zabaldu die Udalak herritarrei.
Aurten azokaren izaeraren muina indartzeko saiakera egin da; hau da, ekoizpena eta bertako kontsumoa sustatzeko saiakera. Baina horrek indarra eta zentzua herritarren parte-hartzearekin lortuko du, herritarrak herrian ekoitzitakoa ezagutzera, balioestera eta kontsumitzera gonbidatu nahi baitira.
Izarne Zelaia Arratibel kultura zinegotziak onartu duenez: “Zizurkilgo ekoizleak izango dira azokaren ardatz nagusia, baina boluntario-lanari eta herritik herriarentzat egindako lanari esker bakarrik lortuko da helburua gauzatzea”. Horregatik, Udalak urriaren 11ko azokan parte hartu nahi duen ororen eskura jarri nahi du izena emateko orria.
Egin klik hemen izena emateko.