Egur taila erakusketa ikusgarria inauguratu dute Zizurkilen

Amasa-Villabonako Udalak antolatutako ikastaroan parte hartzen duten 30 bat kideren lanak ikusgai daude Plazida Otaño liburutegian. Bertaratutakoek harrera bikaina egin diote erakusketari.

Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiak ateak ireki dizkio Amasa-Villabonako egur taila taldearen artelanen erakusketari. Inaugurazio ekitaldian, tailer horretan aritzen diren kideak bertan izan ziren euren piezak aurkezteko nahiz ikastaroan egindako lan-prozesua eta sormen-bidea bertatik bertara azaltzeko.

Gaur egun, Amasa-Villabonako Udalaren kultur eskaintzaren barruan egituratzen den tailer honek 30 bat kide biltzen ditu. Saio horietan egur mota ezberdinak lantzen dituzte: hasieran bolumen sinpleagoak lantzen hasten dira eskua eta teknika bereganatzeko, eta denborarekin zehaztasun zein xehetasun handiko piezak sortzeraino iristen dira. Egur zaharrarekin zein berriarekin egiten dute lan, bakoitzaren gustuen arabera. Aukeratutako egurra bera izaten da onduko duten piezaren ezaugarriak definitzen dituena.

Inaugurazioak harrera bikaina izan zuen herritarren artean, eta bertaratutakoak txundituta geratu ziren erakutsitako lanen kalitatearekin. Denetariko sormen-lanak egokitu dituzte liburutegian, eskultura garaikideetatik hasi eta etxaurreak apaintzeko panelak lantzeraino.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!