Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiak berriro lortu du Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak banatzen duen Maria Moliner saria. Lehiaketa horren helburua da irakurzaletasuna, komunitatearen gizarteratzea, efizientzia eta teknologia berrien erabilera sustatzen dituzten herri txikietako liburutegiak aitortzea.
Aurtengoan, "Desinformazioaren aurrean, irakurle kontzienteak" egitasmoa aurkeztu du Zizurkilgo liburutegiak, eta epaimahaiak 2.777,77 euroko saria ematea ebatzi du.
Etenaldiaren osteko itzulera oparoa
Orain dela hiru urte, 2023an, Maria Moliner Sari Nagusia eskuratu zuen Plazida Otañok. Aitortza horren ondoren bi urtez lehiaketatik kanpo egon ostean, aurten berriro aurkeztu dituzte beren lanak, eta laugarren aldiz jaso dute estatu mailako sari hau.
Elbarrenako jaien txupinazoa botatzeaz ere arduratu ziren liburuzainak aurten, eta bertan zein sariaren berri ematerakoan, mezu bera aldarrikatu dute: "bizi ditugun desinformazio, gezur eta garai beltz hauetan: kultura, irakurketa eta komunitatea". Horregatik, esker bereziak helarazi dizkiete hurbiltzen diren herritar guztiei, euren parte-hartzerik gabe ez litzatekeelako hori guztia posible izango.
Udalaren zorion-mezua
Zizurkilgo Udalak ere zorionak eman dizkie liburutegiko langileei nahiz erabiltzaileei: "Gure herriko zerbitzu publikoek jasotzen dituzten aitortzek bereziki balio handia dute guretzat". Era berean, udalak herritarrei dei egin die erreferentziazko gune hori zaintzen jarraitzeko eta ezagutza zein herritarren parte-hartzea sustatzeko espazio ireki gisa indartzeko.