Zizurkilgo herriguneak antzerki proposamen berezi bat hartuko du datorren ostiralean, urriaren 2an. Bitsa konpainiak Haritik Tiraka antzezlana aurkeztuko du herriguneko zimiterioan, arratsaldeko 20:00etan.
Pep Vilaren zuzendaritzapean, Iván Casadok eta Ane Gebarak sortutako lan honek Eñaut Zubizarreta biolontxelo-jotzailearen zuzeneko musika izango du lagun. Proposamenak narrazioa, objektuen erabilera, musika eta poesia uztartzen ditu, ikusleak giro intimo eta poetiko batean murgiltzeko asmoz.
Auzoetako loturak eta memoria gogoan
Haritik Tiraka lanak eguneroko keinu txikietatik abiatuta auzoetako bizitza, harremanak eta komunitate-loturak jartzen ditu erdigunean. Auzora iritsitako neska berri baten bidez, etxe horretan bizi izandako emakumearen historia eta egunerokotasuna ezagutuko ditu ikusleak. Mandatuen aitzakiaz, titularretan agertzen ez diren pertsonen bizipenei, isiltasunei eta gertuko istorioei lekua egiten die antzezlanak.
Egindako lan bikainaren erakusgarri, Bitsa konpainiaren sorkuntza honek Euskarazko Ikuskizun Onenaren Saria eskuratu berri du 2026ko Leioako Umore Azokan. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte ostiraleko saioaz eta antzerki-esperientzia gozo horretaz gozatzera.