Laura Mintegi idazlearekin tertulia literarioa

Laura Mintegi Akabo liburua eskuetan duela. Iturria: Berria

Lizarrako idazleak bere azken eleberria, Akabo (2025), aurkeztu eta irakurleekin solasean arituko da Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian.

Urriaren 20an, asteartea, tertulia literario berezia egingo da Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian, 17:30ean. Bertan izango da Laura Mintegi idazlea, ia bi hamarkadaren ostean argitaratu duen Akabo (2025) nobela berria irakurleekin partekatzeko eta solasaldia izateko.

Mintegiren lan berria hasiera zirraragarri batekin abiatzen da: bi urteko harremanaren ondoren, Sheenak Manu bikotekidea hil eta izozkailuan gordetzea erabakitzen du. Abiapuntu horretatik aurrera, liburuak bikote baten bilakaera, maitasuna, identitatea eta traizioa ditu hizpide, hizkuntzalari baten eta ingeniari informatiko baten arteko harremanaren bitartez. Oxford, Bartzelona eta Euskal Herria zeharkatzen dituen narrazio honek ezinezko ametsak, ezin ulertuak eta botere-harremanak azaleratzen ditu, barne zein kanpo isiltasunekin uztartuta.

Liburutegiak herritar guztiak gonbidatu ditu idazlearekin batera euskal literaturaren azken berrikuntzetako bat bertatik bertara ezagutzeko aukera emango duen tertulia honetan parte hartzera.

Ibilbide luzeko idazlea

Laura Mintegi Lakarra (Lizarra, 1955) idazle, irakasle eta politikari ezaguna da. Historian lizentziaduna eta Psikologian doktorea, Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasle dihardu Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) 1981az geroztik.

1983an bere lehen liburua plazaratu zuenetik (Ilusioaren ordaina), ibilbide emankorra osatu du euskal literaturan. Hainbat eleberri argitaratu ditu, hala nola Bai... baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (1994) eta Ecce homo (2006), baita literatura eta psikoanalisiari buruzko saiakerak ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!