Zizurkilgo XXVIII. Azoka Bereziak bertako ekoizleak izango ditu ardatz

Ainhoa Gil

Igande honetan ospatuko da Zizurkilgo Azoka Berezia. Aurten, herriko ekoizleak izango dira protagonista nagusiak, bertakoa balioan jarriz. Goizean zehar zabalik egongo da azoka, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. 

Gaur goizean aurkeztu dute igandeko Azoka Berezia. Udaleko ordezkariak, teknikariak eta herriko ekoizleak gerturatu dira bertara.

Zizurkilgo Azoka Berezia urteetan zehar herrian ondo errotutako ekimena dela azaldu du Maite Amenabar Alkorta alkateak, baina aurten Azokaren etorkizunaren inguruko hausnarketa egin dutela nabarmendu du: “Azokaren muinera bueltatzeko apustua egin dugu. Bertakoa balioan jarri nahi dugu”.

Helburua argia da: Zizurkilen ekoizten diren produktuak herritarrei gerturatzea, tokiko kontsumoa sustatzea eta herriko ekoizleen lana ikusaraztea. Horrenbestez, Azoka Berezia bertako ekoizleentzat “erakusleiho paregabea” izatea nahi du Udalak. Ekoizleez gain, herriko artisau eta sortzaileek ere leku berezia izango dute.

Aurtengo proposamenean herritarren parte-hartzea ere funtsezkoa izan dela azpimarratu du Izarne Zelaia Arratibel Kultura zinegotziak. Azokaren inguruko hausnarketetako bat ekimenak zentzua herritarren parte-hartzearekin hartzen duela izan da. “Hasiera-hasieratik argi izan dugu Azoka Berezia ez genuela bakarrik antolatu nahi, herritarrekin batera eraiki nahi baikenuen”, azaldu du Zelaiak.

Azokan parte hartuko duten sei ekoizleekin ikus daiteke Zizurkilek baserriarekin eta lehen sektorearekin duen lotura sendoa. Gainera, ekoizleen artean emakume gazteen presentzia nabarmena da nahiz Zizurkilgo baserriek duten etorkizun oparoa.

Honako ekoizle zizurkildarrak izango dira protagonista:

  • Leire Iraola Urbieta – Portxeta baserria: haragitarako behiak. Euren etxeko haragiz egindako hanburgesak egongo dira salgai.
  • Ainhoa eta Peru Labaka – Ugarteberri baserria: esne-ekoizpeneko behi txuri-beltzak. Euren etxeko esnearekin egindako esnekiak.
  • Eraitz Oyarbide Guereñu eta Iñaki Oyarbide– Iritzibar baserria: esne-ekoizpeneko behi txuri-
    beltzak. Euren etxeko esnearekin egindako esnekiak.
  • Eleinne Pereira Martins eta Iñigo Etxenagusia – Aretagoikoa baserria: esne-ekoizpeneko behi txuri-beltzak. Euren etxeko esnearekin egindako esnekiak.
  • Edurne Aranburu Maizkurrena – Ihartza auzoa: arrautzen ekoizpena. Bizkotxoa egingo dute.
  • Mattin Jauregi Etxeberria – Buztinbailara: erlezaintza, eztia eta eztikiak.

 

Bertako produktuen dastaketa

Bertako ekoizpena ezagutarazteko eta balioa emateko, zizurkilgo ekoizleen produktuen dastaketa egingo da Azoka Berezian. Ainhoa Larrea Unzain kultur teknikariak azaldu duenez, 13:00etatik aurrera hanburgesak, jogurtak, gazta freskoa eta bizkotxoak dastatzeko aukera izango da. Zimiterioan mahaiak jarriko dira, herritarrek lasai eta gustura produktuak dastatu ahal izateko.


Dastaketaren prestaketa Fraisoro Eskolako Erdi Mailako Lanbide Heziketako Elikagaiak Elaboratzeko Teknikak zikloko ikasle eta irakasleekin batera egin dute ekoizleek. Laida Zunzunegi Nuin irakasleak azaldu bezala, “ilusioz eraldatutako produktuak aurkeztuko dira igandean, eta bertakoa bertan dastatzeko aukera ezin hobea izango da”.

Gainera, herritarrek ere parte hartuko dute dastaketaren prestaketa eta garapenean: sukaldatzen, tiketak saltzen, janaria banatzen eta mozten izango dira, besteak beste. Era berean, edarien postuan eta bidegurutzeen zaintzan ere herritarrak ariko dira.

Udalak herritarrak eta Azokara gerturatu nahi duen edonor gonbidatu ditu igandean Zizurkilera gerturatzera, bertako ekoizpena ezagutzeko, dastatzeko eta tokiko kontsumoaren alde egiteko. Izan ere, Azoka Berezia festa eta topagunea izateaz gain, bertako ekoizleentzat eta sortzaileentzat euren produktuak erakutsi eta saltzeko gunea ere badela gogorarazi du Udalak.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie Izaro Lizarraga ilustratzaileari, Azokaren iruditeria sortzeagatik; Herri Bulla festa batzordeari, antolaketan emandako laguntzagatik; egunean bertan lanean ariko diren herritarrei; herriko ekoizleei; eta Fraisorori eta Kutxabanki, emandako babesagatik.

Artisauen artean ere bertako sortzaileei tarte berezia eskainiko zaie aurtengoan ere. Zizurkil herri sortzailea dua eta plaza eskaintzen zaie beraien sorkuntzak erakutsi nahi dituen herritar orori. Era berean, ofizio tradizionalei espazioa eskaini nahi izaten zaie azoka honetan, baina azken urteotan geroz eta zailagoa da hauek topatzea. Azoka honek deia egin nahi die instituzioei gure kulturaren parte diren ofizio horiek berreskuratzeko ahalegin berezia egiteko. Hala ere, aurtengoan ere ofizio horietako batzuk azokan ikusi eta ezagutzeko aukera izango da: harria, egurra, zeramika, zintzarriak, artilea, burdina,… Eta, gainera, ofizio horietako batzuk gaur egunera nola ekar ditzakegun ikusi ahal izango da artisau-artista baten eskutik.

Egitarau zabala

Azoka Bereziak jarduera ugari izango ditu igandean zehar. Besteak beste, 11:30etatik 13:00era haurrentzat pottoketan ibiltzeko aukera izango da. Gipuzkoako Pottokazale Elkarteak pottoken erakusketa egingo du, eta Zizurkilgo Burrusti baserrian hazitako pottokak izango dira bertan.


Arratsaldean, herri-kirol erakustaldia, izango da. Harri-jasotzen ariko dira Lierni Osa, Malen Morandeira eta Olaia Esnaola; aizkoran, berriz, Joan Goikoetxea, Jakes Iruretagoiena eta Haritz Goena.


Zizurkilera gerturatzeko, gainera, autobus zerbitzu etengabea egongo da goizean
zehar, 10:15etik 15:00etara.

Honako postu hauek egongo dira Azokan:

- Janari postuak:
- Elortatxuko goxoak: Gozoak eta ogia
- Laxa Auriz SL: ahatekiak
- Erniope gazta
- Ximun Iribarne: foie naturala

- Balerdipeko Erleak: eztia
- Mañeko S.Coop. : gozoak
- Zampano garagardoa
- Gazpio gazta
- Arrastia: euskal pastela, makarroinak…

- Artisautzako postuak:
- Jon Gorrotxategi Gorrotxategi - Egur lanak - Eskuareak
- Hikari_bitxiak - Buztin polimerikoz egindako belarritakoak
- Tximelet - Artisau-serigrafia tradizionala
- Luixiren pitxiak - Pitxiak eta osagaiak
- Zoa Cuellar txotxongiloak - Artisau-jostailuak
- Dario Arteta - Artisautza
- Felix Barcina - Ezpelez eginiko sukalde-tresnak
- Labiano inspiración - Kandelak eta aire-gozagarriak
- Hamarratz - Diseinua eta eskuzko koadernaketa
- Fadwa eta Habiba - Marokoar gozoak
- Crea - Artisau-osagarriak
- Mertxe Arbide Camps - Artilea nola garbitu
- Axun Jauregi - Burdina birziklatua
- Kaxka - Eskulangintza
- GORAKAT - Artisaua
- Maialen Aristimuño - Zeramika artistikoa
- ATARIA - Komunikazioa
- ERNIOBEA BHI IKASBIDAIA
- Mendigain eskola eta Urkamendi guraso elkartea - Ikas-komunitatea
- Pedro Mari Otaño ikas-komunitatea - Nekazaritza
- Buztiña Taller de Cerámica - Buztina
- Patxi Otaegi - Eskulturak
- Mikel Zubelzu - Egur-tailla
- Amaia Zubelzu - Bitxiak
- Fermin Goenaga sendabelarrak eta ukenduak - Natura sendagarria
- Josetxo Otegi Tapia - 2. eskuko produktuak
- Amari imanak - Xaboi artisauak eta mineralak
- Rbelde - Joskintza

- Hennaren artea - Hennazko tatuajeak
- Uztaberri - Landareak
- Josu Aizpuru Ceberio - Zintzarrigilea
- @AGUR.HANDMADE - Ehungintza (poltsa-motxila-osagarriak)

Horrez gain, ikastetxeek ere postuak izango dituzte Azokan. Otaño eskolak, esaterako, Segundo Monteseko Henry Ortiz eskolarekin duen senidetzearen baitan postua jarriko du, El Salvadorreko eskola honek martxan dituen hainbat proiektutarako dirua biltzeko. Era berean, Zizurkil-Segundo Montes senidetzearen alde dirua biltzeko ere herritar talde batek postua jarriko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!