Goizean goiz jarri zen martxan ospakizun eguna Joxe Arregi plazan. Euria eginagatik ere, "Danena Klasikoa" izeneko martxa herrikoiak erantzun bikaina izan zuen, eta 400 parte-hartzailetik gorako ilara koloretsua abiatu zen Gipuzkoako bideetan barna. Izaera ez-lehiakorra zuen hitzordu honek 117 kilometroko ibilbidea eta 1.600 metroko desnibel positiboa eskatu zien txirrindularien taldeari. Tolosaldeko hainbat herri zeharkatu ostean, azken txanpan Andazarrateko gaina igo eta Asteasutik pasatuta iritsi ziren txirrindulariak Zizurkilgo helmugara. Goizeko martxaz gain, txikienek ere izan zuten tartea goiz erdian antolatutako ginkanarekin gozatzeko.
Oholtza gainera ekarritako istorioak
Eguerdi aldera, kirol-esfortzua bazkari herrikoi batekin ordezkatu zuten herrian bildutakoek. Une horixe izan zen ziklismoaren inguruko elkarrizketei eta aitortzei hasiera ematekoa. Bazkalosteko tartean Danena Talks solasaldia egin zen, eta bertan, belaunaldi desberdinetako kideak talde txikitan igo ziren oholtza gainera, ibilbide luze horretan bizitako istorioak, anekdotak eta bizipenak elkarbanatzera.
Hasierako urratsak gogora ekarriz, elkartearen sortzaileak izan ziren hitza hartzen lehenak. Duela hamarkada batzuk talde xume gisa abiatutako ekimenak euskal ziklismoaren kulturan zer-nolako hazia erein zuen nabarmendu zuten, gaur egungo errealitatera bidea eginez. Urte hauetan guztietan bidelagun izandakoen ekarpena ere eskertu zuten: besteak beste, garai hartan taldearen lehen jantzi ofiziala diseinatu zuen Etxeondo enpresari, ondorengo babesle nagusi izan zen Orbeari, eta baita ibilbide osoan babes eta laguntza lanetan aritu ziren mekanikariei nahiz autobus gidariei ere.
Emakumezkoen ziklismoaren bidea eta etorkizuneko erronkak
Ospakizunaren beste une hunkigarrietako bat emakumezkoen txirrindularitzari eskainitako aitortza izan zen. Danenak Euskadiko lehen emakumeen txirrindularitza taldea sortu izana gogora ekarri zuten, garai hartan erabaki horrek suposatu zuen ausardia azpimarratuz. Emakume erreferenteek ireki zuten bide hori gaur egun ere oinarri garrantzitsua da, eta eskoletatik egiten den sustapenari esker, etorkizuna bermatuta dagoela erakutsi zuten; izan ere, datorren denboraldian Danenako taldean 10 neska arituko direla iragarri zuten harro.
Solasaldiari amaiera emateko, belaunaldi gazteenek hartu zuten hitza, etorkizuneko ziklismoari bultzada emateko prest daudela erakutsiz. Horrela, mende erdi oso batek utzitako ondarea eta biharko erronkak eskuz esku uztartu zituzten zizurkildarrek, Danenaren espiritua inoiz baino biziago dagoela agerian utziz.