Frantziako Tourreko lehen euskaldunari omenaldia

Zizurkilgo Urkamendi elkarteak antolatuta afari-omenaldia egingo dute ostiral honetan. 4 txirrindulari profesional igaroko dira herritik, eta horiekin batera, Andres Rubiños herritarra ere omenduko dute.

Ostiral honetan, hilak 6, Zizurkilen Frantziako Tourreko lehen txirrindulari euskaldunei gorazarre egingo diete. Herriko Urkamendi elkartea izango da omenaldia bideratuko duena. Aurtengoan, Ion Izagirre, Luca Martinez, Maite Urteaga eta Xabier Mikel Azparren omenduko dituzte. Horiekin batera, Andres Rubiños herritarrari ere gorazarre egingo diote. Master mailako Munduko Halterofilia Txapelketan urrezko domina eskuratu zuen zizurkildarrak, eta, horrekin batera, Espainiako bi marka ezarri zituen. 21:00etan Urkamendi elkartean bertan egingo dute afari omenaldia.

41 urte luzetako ibilbidea

Urkamendi elkarteak 1986. urteaz geroztik, urtero antolatzen du afari-omenaldia, eta dagoeneko herrian tradizio bilakatu da. Urte bakoitzeko Frantziako Tourreko sailkapen nagusian lehenengo euskalduna izan denari egiten diete omenaldia. Lehenbiziko aldiz omenaldia antolatu zutenetik, hainbat txirrindulari entzutetsuri egin diete gorazarre. Besteak beste, Miguel Indurainek, Abrahan Olanok zein Haimar Zubeldiak behin baino gehiagotan eskuratu dute zizurkildarrek emandako oroigarria. Emakumeen artean, Joane Somarriba, Eneritz Iturriaga eta Usoa Ostolaza nabarmendu dira urte horietan guztietan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!