Bakarrizketa, Iñurri elkartearen eskutik

Tabuen kutxatik eszenara ekarriko dituzte ahoan trabatzen zaizkigun hainbat gai. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean egingo da saioa, eta sarrera librea izango da.

Datorren igandean, hilak 8, Tabuen kutxatik eszenara bakarrizketa taularatuko dute Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. 18:30ean hasiko da ikuskizuna, eta sarrera doakoa izango da aforoa bete arte. Iñurri elkartekoek osatu dute emanaldia. Bertan, ahoskatzean eztarrian korapilatzen zaizkigun hainbat gai izango dituzte hizpide, umoreaz lagunduta. Gorputzak, sexualitatea, osasun mentala zein zaintza landuko dituzte.

Iñurri, minbizian bidelagun

Iñurri elkartea 2019an sortu zen, minbiziaz normaltasunez hitz egin ezin zitekeelaz jabetuta, tabuetatik libratzeko xedearekin. Elkartean minbizia igaro dutenei, igarotzen ari direnei eta hauen bidelagunei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen dituzte, bereziki harrera goxo bat emanaz eta behar duten hori arretaz entzunaz. Horiek guztiak, norberaren beharren arabera diseinatzen dituzte. Fisioterapia onkologikoa, laguntza psikologikoa, nutrizio zerbitzuak, zoru pelbikoko fisioterapia, aholkularitza juridiko eta laborala bezalako laguntzak ematen dituzte.

Askotariko zerbitzuak eskaintzeaz gain, gizartean kontzientzia bat hedatu nahi dute, eta tabutzat ditugun gaiak landu beharra dagoela nabarmentze dute; hala nola, gorputzak, zaintza, sexualitatea… Horiei guztiei buruz aritzeko, kultur jarduerak antolatzen dituzte. Horrekin batera, minbiziaren iruditegi kolektiboa eraldatu nahi dute.

Orain arteko bidea eginda, premia erreal bati erantzuten ari direla garbi ikusi dute. Horregatik, minbiziaren akonpainamendu eta dibulgazioan ikuspegi feminista batetik eta modu kolektiboan lanean jarraituko dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!