Errape, kritika antiespezista bat behi-industriari

Iraia Sanchez Arregi

Maitane Dorronsoro zizurkildarra, Errape bideodantzaren sortzaile eta zuzendaria.

Maitane Dorronsoro sortzaileak gidatutako Errape proiektua antiespezismoaren begiradatik esne-industriaren biktimen liberazio saiakera irudikatzen duen bideodantza da

Plano-sekuentzia bidez eraikitako lan honek, Ainhoa Alberdi koreografoaren gidaritzapean eta beste zazpi dantzari eta aktorek osatutako lantaldearekin batera, gorputzaren hizkuntza unibertsala eta salaketa soziala uztartzen ditu. Urte bat pasatuko zen proiektua sortzen hasi zirenetik, eta aurtengo edizioan fruituak jaso ditu: Bartzelonako Choreoscope Nazioarteko Dantza Zinemaldiko Xerinola sail entzutetsuan aukeratua izatea lortu du, urriaren 1ean Cinemes Girona aretoan pantaila handian estreinatuz. Orain, abenduaren 1era bitarte Filminen dago ikusgai.

Errape bideodantza proiektuaren sortzaile eta zuzendaria zara. Lana Choreoscope Bartzelonako Nazioarteko Dantza Zinemaldian aurkeztu eta Xerinola aukeraketan hautatua izan da. Zerk eraman zintuen bideodantza proiektu hau ekoiztera?

Proiektu hau hasiera batean nire ikus-entzunezko komunikazioko Gradu Amaierako Lana (GrAL) izan zen. Berez, Errape proiektua bera film luze baten gidoia egiteko pentsatua zegoen, baina gero, karreran hasi ginen bideo artea lantzen eta mundu hori gustatu zitzaidanez, azkenean bideodantza bat egitea erabaki nuen GrALerako. Ideia desberdinekin nenbilen eta azkenean Erraperen proiektua bideodantzarako egokitzea erabaki nuen. Hortik sortu zen ideia. 

Proiektuan bertan hainbat dantzari eduki dituzu zurekin kolaboratzen. Hasieratik garbi zenuen haiekin lan egin nahi zenuela, edo nola bilatu zenituen kolaboratzaileak? Eta haiek nola jaso zuten ekoizpenean parte-hartzeko gonbita?

Hasiera batean ez neukan garbi ezer ere ez. Baina buruan gutxi gorabehera forma eman nionean Ainhoa Alberdik parte-hartu nahi nuela erabaki nuen. Ainhoa Alberdi butoh dantzari bat da. Butoh-a dantza japoniar bat da. Hiroshima eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti eta gero gizartean sortu zen sufrimendu hori islatzeko dantza da. Iluntasunaren dantza ere deitu izan zaio. 

Ni orain dela lau urte ADELera joan nintzen, Arte Drama Euskal Herriko antzerki konpainiak urtero sortzen duen laborategira. Aulestin egiten den aste intentsibo bat da, eta bertan antzerkiarekin lotutako diziplina desberdinetako klaseak jasotzen dituzu; hor eduki nuen Ainhoa Alberdi irakasle bezala.

Proiektu hau 2025ean sortu nuen, 2024an ideiarekin bueltaka hasi nintzen eta pelikula bat egiteko ideiatik bideodantza egiteko formatura egokitu behar izan nuenez Errape, horri forma emateko zein dantza mota erabil nezakeen pentsatzen ari nintzela Ainhoaz eta butohaz gogoratu nintzen. Sufrimenduaz hitz egiteko butoh dantza erabiltzea ideia ona izan zitekeela otu zitzaidan. Orduan, zuzenean Ainhoarekin harremanetan jarri nintzen eta nire ideia azaldu nion. Hasieratik baiezkoa eman zidan, ideia asko gustatu zitzaion. 

Bera izan da koreografo moduan ibili dena. Gero, bai bera eta bai ni, jende gehiagorekin harremanetan jartzen hasi ginen beste dantzariak lotzeko. Aulestin ezagututako jendea, Donostian atzerri ikasketatan ezagututako jendea, eta baita Ainhoak ezagutzen zituenak ere lotu genituen.

Esne-industria salatu duzue lan honetan, baina orokorrean kritika antiespezista egin duzue, zer da transmititu nahi izan duzuena?

Kritika antiespezista da. Nik esne-industriaren atzean dagoen sufrimendua ikusarazi nahi nuen. Horretarako ardatz bezala jarrita esne-industriako behiak. Ikusleari transmititu nahi niona sentsazio desatsegina edo deserosotasuna zen. Ikuslea pieza honetan ez da ikusle soila, pertsonaia bat gehiago da. Ikusleak berak esne-industria errepresentatzen du. Piezan ikusten den bezala, esne-industriako behiei umea kentzen zaie eskuetatik eta gero talde antiespezista bat etortzen da beraiek salbatzera. 

Deserosotasuna transmititu nahi nuen, eta horrekin batera, pieza hau ikusi ostean, hausnarrarazi eta bere bizitza normalarekin aurrera jarraitu aurretik indiferente ez geratzea. 

Proiektua prozesu esperimental batean oinarritzen dela diozu, nolakoa izan da sorkuntza-prozesua?

Nik bideoartea deskubritu nuenean gauza desberdinekin esperimentatzen hasi nintzen. Askotan oso karratua naiz eta gauza bat modu batera egin nahi badut horrela egin nahi dut, eta askotan prozesuaz beraz ahazten naiz. Agian ez dut sortzeko prozesu horretaz disfrutatzen. Ideia bat izaten dut, ideia horretaz maitemintzen naiz eta esaten dut: “Horrela izan behar da”. 

Proiektu honekin prozesuari berari eman nahi izan nion garrantzia eta ez hainbeste amaierako piezari. Banekien bideodantza bat egin nahi nuela, eta ezagutzen ez nuen kamera bat erabili nuen, 360ºko kamera bat hartu nuen. Horrekin "plano-sekuentzia bat egingo dut eta ateratzen dena aterako da". Garbi nuen nondik abiatu nahi nuen, zein zen dantzari horiei eman behar nien premisa, baina ikusteko zegoen gero hortik zer haziko zen. Izan ere, butoh dantzan nuen oinarria, gero sufrimendu horretatik pieza hau sortzeko.  

Baina hasiera batean nire buruan nuen ideia gero Ainhoarekin kontrastatzean agian esaten zidan "jo ba ideia hau agian ezin dugu egin zuk pentsatu duzun bezala". Orduan entseguan bertan moldatzen joan ginen eta ikusten nora eramaten gintuen oinarri bezala jarrita geneukan horrek. Esperimentazioaren aldea hori izan zen, prozesuan bertan pieza aurkitzen joatea. 

Aurrera begira zein asmo dituzu? Proiektu gehiago dituzu buruan ala aurrena Errapek emandakoaz disfrutatu eta atsedenaldi bat hartu nahi duzu?

Bartzelonan aurkeztu nuen eta Filminen ere ikusgai dago, baina bai gustatuko litzaidakeela Errape Euskal Herrian aurkeztea jaialdi desberdinetan eta proiekzioak lotzea. Horretarako, udalekin eta kultur-eragileekin jarri naiz harremanetan, eta mugimendu antiespezistako taldeak ere interesatuta egongo balira, haiekin hitz egitea gustatuko litzaidake; pieza toki horietatik mugitzea nahiko nuke. 

Bide batez, inork proiektuan interesik izango balu, iritzia eman nahiko balit edo nonbait proiektatzea interesgarria irudituko balitzaio, ni irekita nago eta errapbideodantza@gmail.com-era idatz diezadake.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!