Erretiroa hartu berri dute Luix Urkola eta Fernando Lozano udal-langileek

Azken hilabeteotan, Zizurkilgo Udalean urte luzez lanean aritu diren bi langilek erretiroa hartu dute: Fernando Lozano kale-garbitzaileak eta Luix Urkola brigada-buruak. Lehenak 27 urtez egin du lan herriko kaleak garbi mantentzen, eta bigarrena, berriz, 29 urtez jardun da herria zaintzen eta txukuntzen.

Zizurkilgo Udalak jakinarazi duenez, azken hilabeteotan erretiroa hartu dute Luix Urkola eta Fernando Lozano udal-langileek. Hola mezua zabaldu du udalak: 

"Zizurkilgo Udalak eskerrak eman nahi dizkie biei urte hauetan guztietan egindako lanagatik, erakutsitako konpromisoagatik eta herriaren alde egindako ekarpenengatik. Izan ere, bi langileen lana ezinbestekoa izan da Zizurkilgo egunerokoan, eta horixe gogoan izango da urte luzez.

Luix Urkola beti egon da prest herritarren beharrei erantzuteko, edozein ordutan eta edozein unetan. Herrikoa izateak gertutasuna eta berehalako erantzuna emateko aukera eskaini dizkio, baina, batez ere, Zizurkilekiko duen inplikazioa eta konpromisoa izan dira haren lanaren ezaugarri nagusiak. Urte hauetan guztietan, herriaren beharrei erantzuteko prestutasun osoa erakutsi du. Eskerrik asko!

Fernando Lozanoren txistuaren doinuak, berriz, herriko txoko guztiak zeharkatu ditu urte luzez. Txistu-kantuen artean, kaleetako azken hostoa ere garbitu arte aritu da lanean, beti arduraz eta arretaz. Herriko kaleak egunero txukun eta garbi egon izana haren lan nekaezinaren eta konpromisoaren erakusgarri da. Eskerrik asko!

Eskertza adierazteko, Udalak opari berezia egin die biei: Izarne Zelaia Arratibel zinegotziak eta ilustratzaileak sortutako bertso ilustratu bana. Zizurkili buruzko bertsoa eta ilustrazioa uztartzen ditu opariak, eta, hain zuzen ere, Udalak opari instituzionalak egiteko baliatuko du sorkuntza. Bertsoa nahiz ilustrazioa Izarnek sortu ditu. 

Bi ibilbide luze, bi lanbide eta helburu bera: Zizurkilen eta zizurkildarren alde lan egitea. Horregatik, Udalak bihotzez eskertu nahi die urte hauetan guztietan egindako lan bikaina, erakutsitako gertutasuna eta herriari eman dioten guztia".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!