Nor da Julen Alberdi?
Zizurkilgo pilotaria eta erizaina. Nire lanbidea erizaintza da baina txikitatik pilota gustatu zait eta oraindik hor jarraitzen dut.
Nola iritsi zinen frontballera?
Frontballa niretzat kirol berria da. Iaz Munduko Txapelketa ospatu zen Mexikon eta apuntatzeko aukera eskaini zidaten. Nik egia esan ez nekien zer zen, banekien pilotako modalitate bat zela baina ez nuen ondo ezagutzen. Espainiar Selekzioko entrenatzaileak deitu zidan nirekin kontatu nahi zuela esanez, nire frontoieko kualitateengatik, pilotan jokatzeko moduagatik eta gorpuzkeragatik kirol honetan ondo ibiliko nintzela pentsatzen zuelako. Nik aipatu nion ez nekiela ondo zer zen frontballa eta hasiera batean ezezkoa eman nion, baina badut lagun bat Euskal Federazioan eta badaezpada hari komentatu nion. Berak erantzun zidan agian posible zela Euskal Selekzioak Munduko Txapelketan parte hartzea eta Euskadiko Txapelketan apuntatzeko aipatu zidan. Hori egin nuen eta horrela izan zen nire lehenengo kontaktua frontballarekin. Finala galdu nuen Euskadiko Txapelketan nafar baten aurka, baina hala ere Euskal Selekzioak hartu egin ninduen.
Frontballa ez da oso ezaguna Euskal Herrian…
Hemen gehienak ezker paretean ibiltzen gara. Gero badaude beste modalitate batzuk, hala nola pala, paleta, trinketea, xarea… baina orokorrean ezagunena ezker pareta da, gu pilotan betidanik ibili garena. Hala ere, Euskal Herritik kanpo asko ari da zabaltzen. Frontballean jokatzeko pareta bakarra behar da, ez dago ezker paretik, neurriak txikiagoak dira, kantxa murritzagoa da eta pilota ezberdina da. Azken aldian mundu guztira ari da zabaltzen eta Federazio Internazionalaren helburu nagusia Olinpiar Jokoetara eramatea da.
Zer da zuretzat frontballak duen erakargarria eta beste modalitateekiko ezberdina?
Edozein modalitate gogorra da, baina frontballa nik uste dut besteak baino fisikoagoa dela. Tanto bat egitea ez da hain erraza, kantxa txikiagoa izanik normalean denbora ematen dizu pilotara iristeko eta horregatik bereizgarritasun nabarmenena fisikoan dagoela esango nuke. Erakargarritasunari dagokionez, hasiera batean ni ere ez ninduen asko erakartzen frontballak, ez nekielako oso ondo nola jokatzen zen. Batzuetan ere pentsatzen nuen aspergarria zela, baina behin zuzenean ikustean eta jokatzen hastean, kirol polita zela ohartu nintzen, oso tekniko eta fisikoa.
Urrian Munduko Txapelketan ibili zara Uruguaien eta Argentinan Euskal Selekzioarekin. Zer suposatu du zuretzat txapelketa horretan parte hartzeak?
Amets bat. Esan bezala, frontballa niretzat kirol berri bat zen. Iaz joan nintzen Munduko Txapelketara eta kontziente nintzen aurten ere aukerak izango nituela. Martxoan entrenamenduetara joateko deia egin zidaten eta behin entrenamenduak amaituta sei jokalaritatik bi aukeratu behar zituzten, eta ni hautatu ninduten. Entrenamenduetako hilabete horiek gogorrak izan ziren, denok nahi genuelako joan Munduko Txapelketara. Nik itxaropenak nituen, baina hala ere entrenatzaileak erabaki arte urduritasun puntu hori izan nuen. Behin hautatu nindutenean, gogoan dut Mikel Aurrekoetxea (beste hautatua) lemoarrari eman nion besarkada, guretzat amets bat baitzen Euskal Selekzioarekin Munduko Txapelketa batera joatea. Txikitatik nahi dugu denok gure herrialdea ordezkatu. Gu gainera lehenengoak izan gara Euskal Selekzioa Munduko Txapelketa batean ordezkatzen eta horrek ere ilusio berezia egin dit. Oso harro nago egindakoaz eta eskertuta Euskal Selekzioari eta Euskal Federazioari.
Txapelketa bikaina egin duzu, finalera iritsi arte.
Bai. Iaz 5º geratu ginen eta aurten hilabete gehiagoz entrenatu dugu. Abuztuan Txilera joan ginen hamar egun frontballean gehiago espezializatzeko eta txapelketara ahalik eta hoberen iristeko. Nik uste dut nabari izan dela prestatuago joan garela. Gure taldean arerio zailak genituen: Mexiko, munduko onenak; Frantzia, iaz 3º postuan geratu zirenak, eta Bolivia. Bagenekien zaila izango zela, baina Frantziaren aurkako lehen partiduan dagoeneko nabaritu genuen oso ondo entrenatu genuela eta fisikoki zein teknikoki askoz hobeto geundela. Entrenamendu ordu asko sartu genituen eta hori ikusi zen kantxan. Finalerdietara sailkatu ginen eta Espainiaren aurka tokatu zitzaigun. Espainiaren ordezkaria iaz Euskadiko Txapelketan finala irabazi zidan nafarra zen. Ondo ezagutzen du kirola, urte asko daramatza jokatzen, baina hala ere irabaztea lortu genuen eta finalera sailkatu ginen, partidu bikaina jokatu ondoren. Finalean Mexiko genuen zain, baina galdu egin genuen. Hasieratik alde egin zuten markagailuan, ondoren berdintzea lortu genuen baina azkenean berriro ere aurrerapauso bat eman zuten eta erakutsi zuten zergatik diren munduko onenak. Azken finean, Mexikon pilotatik bizi dira, ez dute beste lanik, uneoro pilota bati itsatsita daude. Baina tira, saiatuko gara urteren batean irabazten.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 703 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.