Indarkeria matxista hizpide izan zuten Zizurkilen

Itaiak antolatuta “Las chicas de la estación” filma ikusi zuten herriko kultur etxean, eta, hortik tiraka, indarkeria matxistaz hausnartu zuten.

Azaroraren 25aren harira, eta gaur egun ematen ari den indarkeria matxistaren gorakada dela eta, Itaiak azarorako hainbat ekintza antolatu ditu, tartean, pasa den ostiralean egin zuten film proiekzioa. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean “Las chicas de la estación” pelikula ikusi zuten. Film horrek 2019an Palman (Mallorcan) gertatutako kasu erreal bat kontatzen du, adingabeen zentro batean tutelapeko hiru neskek jasandako sexu-abusuak eta prostituzio-sare batean izan zuen inplikazioa.

Indarkeriak hamaika aurpegi ditu

Proiekzioaren ostean, eztabaidatu eta hausnartzeko tartea hartu zuten txokolate bero bat eskuan zutela. Aurten sei erailketa matxista egon dira Euskal Herrian; azkena, irailean Angelun bortxatua izan ondoren, bere buruaz beste egin zuen kasua. Nolanahi ere, indarkeria matxistak forma ugari hartzen dituela, “batzuk agerikoagoak eta beste batzuk sotilagoak”, landu zuten. “Komentario matxistak, hipersexualizazioa, abusuak, indarkeria domestikoa edota prostituzioa” horien adibidetzat eman zituzten.

Instituzioen aldetik ere egiturazko indarkeria bat ere badagoela salatu zuten, “izan baliabide falta dagoelako, zan neka horien biolentziarako esposizioa areagotzen duten antolaketa formak dituztelako”. Horren azalpen modura “tutoretza instituzionala, osasun sexual nahiz erreproduktiboaren gaineko kontrola edota prekarietatean oinarritutako zaintza” aipa daitezkeela esan zuten.

Hori gutxi balitz, maila ideologikoan ere ideia erreakzionarioen gorakada garaia bizi dugula ohartarazi zuten. Faxistek borroka bidez eskuratutako eskubide eta askatasunak ukatu nahi dituztela salatu zuten, “emakumeak otzan” nahi dituztela gaineratuz.

Bailara ez dago indarkeria matxistatik salbu

Kasu horiek denak, eta filmean ikusi zituztenak, “inondik inora ez zaizkiela urrunekoak egiten” partekatu zuten. Ildo horretan, Aiztondo bailaran bertan dagoen prostituzio etxea jarri zuten jo-puntuan. Izan ere, duela urtebete sexu-esplotazio sare bat atzeman zuen ertzaintzak. Hori, ordea, ez zen lokal horretan prostituzioarekin lotutako delituak frogatzen ziren lehen aldia, baina, hala eta guztiz ere, “lokalak bere jardunarekin inpunitate osoz” jarraitzen duela salatu zuten. Horrekin batera, “kale mailan konplizitatea eta putazaleen kolaborazioa agerikoak” direla eman zuten aditzera.

Etxebizitza, indarkeriaren gotorleku

Etxebizitza-eskubidea bermatuta egotea galdegiteko Greba Orokor jendetsua izan berri den honetan, etxebizitzaren auziak “emakumeen aurkako indarkerian paper garrantzitsua” jokatzen duela aipatu zuten. Izan ere, “etxea indarkeria matxistaren kasu gehienak gertatzen diren espazioa” dela atera zuten mahai gainera. “Emakumeen lan eta bizi baldintza prekarioak, eta instituzioetatik aterabide bat emateko ezintasunak etxe horietan mantentzen ditu emakumeetako asko, indarkeria horren eraginpean egoteko arriskuan kateatuta”. Horren aurrean, guztientzako kalitatezko etxebizitza bat bermatuta egotearen garrantziaz jardun zuten.

Kaleak hartzeko deia

“Mila arrazoi gehiago egon daitezke mobilizatzeko, eta badakigu guk egiten ez badugu, inork ez duela emakume langileon askatasunaren alde borrokatuko” izan zen eztabaida ixteko atera zuten ondorioa. Horrenbestez, “antolatzea eta mobilizatzea da horretarako bide bakarra” gaineratu zuten. Zentzu horretan, azaroaren 25ean kaleak hartzeko deia zabaldu zuten. Itaiak eskualde mailako mobilizazioa Tolosan egingo du, 18:00etan Triangulotik abiatuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!