2019ko udal hauteskundeak

"Kulturaz eta aisiaz gozatzeko erraztasunak eman nahi ditugu"

Aiurri 2019ko mai. 23a, 07:55

Josu Amilibia EH Bilduko alkategaia herriko plazan.

Josu Amilibia Alsua EH Bildu

Azken bi legealditan alkate karguan dihardu Josu Amilibiak. Iristear den legealdirako ere alkate aurkeztu du bere burua EH Bildu alderdiaren barruan

 

Zein balorazio egiten duzu orain arteko bideaz?

Herrian lan ona egin delakoan nago. Aurreko urteetako norabidea jarraitu da. Hirigintzan inbertsio handiko proiektu ugari gauzatu da, esaterako, oinezkoentzako eremuak txukundu dira, kirol pista egin da, frontoiko aterpea jarri da edota Villabonara bideko errepidea zabaldu da. 

Pertsonei dagokienez, jarraitzen dugu, orain agian gehiago, aktibitate ezberdinak diruz laguntzen, hala nola kirolerako, eskolaz kanpoko ekintzetarako, helduen aktibitateetarako, jubilatuen irteeretarako... Kasu askotan, eskolaz kanpoko ekintzetan eta helduen ekintzetan %50-60 subentzionatzen da. Herritarrei erraztasunak eman nahi dizkiegu aisialdiaz, kulturaz eta ohitura osasungarriez gozatzeko. 

Maila pertsonalean, balorazioa oso ona da. Gustura aritu naiz alkate lanetan. Asko ikasi dut eta pertsonalki aberasgarria izan da gai asko lantzeko aukera izan dudalako.

Adunan aurkeztu den indar bakarra zarete. Zein sentsazio sortzen dizu horrek?

Arraroa da. Azken hamarkan ez dugu eduki lehiakortasun errealik. Egia da segurtasuna eta poza ematen duela horrek,  baina bozkatzeko deia egiten diegu herritarrei, ez baita berdina 100, 150 edo 200 boto lortzea. Ahalik eta botu gehien jaso nahi dugu, herritarren babesa sumatzeko . 

Alkatetzara iristean, zein hiru proiektu lehenetsiko dituzu herriari begira?

Txantxane Etxearen proiektua aurrera atera behar dugu legealdi berrian, nahiz eta orain hasiko den. Bigarrenik, 10 urte inguru dira Adunan etxebizitza berririk eraiki ez dela, eta aztertzen ari gara herrian zein eskari dagoen. Krisiaren aurretik eraiki ziren etxeak nahiko garestiak ziren, eta oraingoan 80 metro karratu ingurukoak eta merkeagoak eraikitzea da ideia, Kamio baserriaren inguruan. Izan ere, gazteak ez badira herrian geratzen momenturen batean hutsunea egongo da.

Hirugarrenik, energiari lotuta, kontsumo eraginkorrak egiten jarraitzea. 

Nola definituko zenuke Adunako EH Bildu alderdia?

Talde polita eta parekidea osatu dugula iruditzen zait.  Aurreko legealdiko hiru kidek jarraitzen dugu eta titularretarako lau kide berri behar genituen. Jende txukuna eta fundamentuzkoa topatu dugu, herrian erreferente izan daitekeena. Herriko lau pertsonatan pentsatu genuen eta beste alditan ez bezala, haiekin bildu, gure ikuspegia azaldu eta baiezkoa eman zuten lauek. Herriko ekintzatan parte hartzen duten herritarrak dira. Neskak, mutilak, gazteren bat edo beste... Talde osatua lortu dugu.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!