Josu Amilibiarekin batera, Jone Olasagastik, Arkaitz Izagirrek, Ainhoa Arretxek eta Xabi Tejeriak hartu dute parte batzarrean. Ainhoa Arruti eta Xabi Zabalak ezin izan dute arrazoi pertsonalengatik bertaratu eta aurrerago hartuko dute euren zinegotzi kargua.
Eskerrak emanez hasi du bere hizketaldia Josu Amilibiak, "eskerrak eman nahi dizkiet atera direnei, Joxe Mari, Auritz, Nerea eta Arianeri, urte hauetan egin duten lanarengatik. Eskerrak baita ere jarraitzen dutenei, Jone eta Arkaitzi eta nola ez, lau urte hauetan gurekin lanean arituko diren zinegotzi berriei, Xabi Tejeria, Ainhoa Arretxe, Ainhoa Arruti eta Xabi Zabalari". Datozen lau urteetarako osatu zuten programari jarraiki lan egingo dutela iragarri du, "ezker independentistako taldea gara eta politika ezkertiarrak eta Euskal Herriko burujabetzan oinarritutakoak eramango ditugu aurrera. Garrantzia handiena pertsonei emango diegu, azken hamabost urteotan egin den ildo berdinari jarraituz. Pertsonengan eta haien beharretan oinarrituko gara eta betiere Adunako herritarrak -haur, gazte nahiz hedu- pertsona bezala gara daitezen sustatuko dugu, aisialdia, kultura edota zerbitzu sozialak bultzatuz". Azpiegiturak eta ekimen ezberdinak gauzatuko dituztela jakinarazi du, "herritarren beharrak asetzeko bidean eta herritarrak erdigunean kokatuz beti". Urrun edo kartzelan egoteagatik, Adunako nahiz beste herrietako Udal osaketetako batzarretara gerturatu ezin izan duten pertsonak gogoratuz amaitu du hizketaldia.