"Gustura zikintzen naiz, ziklo-krosaren bereizgarrietakoa da"

Izaro Etxarri lokaztua ziklo-krosean lehiatzen.

Izaro Etxarri adunarra kadete mailako Gipuzkoako ziklo-kros txapelduna da. Andoaingo Txirrindulari Eskolako maillota jantzita lortu zuen balentria hori.

Nondik datorkizu txirrindularitzarekiko zaletasuna?

Familiatik jaso dudan zerbait izan da. Nire aita eta aitona oso zaleak dira. Gainera, nire anaia txirrindularitzan lehiatzen da eta nire arrebak duela gutxi utzi zuen.

Txirrindularitzaz hitz egin dugu, baina zuk ziklo-krosean lehiatzen duzu. Zein ezberdintasun ditu errepidekoarekin alderatuta?

Ziklo-krosean nonahi daude oztopoak eta aire librean lehiatzen da; besteak beste, belardietan eta naturguneetan ibiltzen gara. Sarritan lokatzez zikintzen gara goitik behera eta pedalei gehiago eman ezin diogunean sorbalda gainean eraman behar izaten dugu txirrindua. Hau da, gurpil gaineko kirola den arren, nahiko ezberdinak da.

Orduan, eguraldiak eragin handia edukiko du lehiatzerakoan, ezta?

Bai, jakina. Ohikoa da euria egitea edo aurreko egunetan egundukoak bota eta lehiatu behar izatea. Baina gustura zikintzen naiz, kirol honen zati bereizgarria da.

Nola duzu gustuko lehiatzea ziklo-krosean? Lokatzarekin, eguzkiarekin, hotzarekin...

Eguzki askorekin eta lokaztua lehiatu dut. Beraz, tarteko zerbaiten aldeko apustua egingo nuke; hau da, lokatza bai, baina neurrian eta eguzki apur batekin. Izan ere, lokatz asko egonez gero zaila izango nuke bizikleta gainean denbora luzez egotea eta sorbalda gainean eraman beharko nuke denbora guztian. 

Zer moduzko lehiakidea zarela esango zenuke?

Lehen bueltetan oso urduri jartzen naiz. Horrelakoa naiz. Kosta egiten zait nire burua lasaitzea, baina memento batetik aurrera kontzentratu eta txipa aldatzen dut. Hobekiago pentsatzen hasten naiz eta orduan ematen dut nire onena. 

Erlazionatuak

Txirrindularitzari lotutako familia

Erabiltzailearen aurpegia Aduna

Entrenamentuak, lasterketak, bidaiak…, bi gurpilen inguruan giraka dabil Adunako Etxarri Aranburu familiaren zaletasuna.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!