"Argi daukagu Belkoaingo gurutzearekin egiten dena herritarren iritzia kontuan hartuta eta beraiekin adostuta izango dela"

Xabier Lasa 2022ko urt. 8a, 08:00

Adunako alkatea. Atzean, Belkoaingo goi parajeak.

Josu Amilibia Adunako alkateak Belkoaingo gurutzearen gainean irekita daukaten hausnarketa prozesuaz elkarrizketa eskaini dio Aiurriri.

36ko kolpe militarrari eta frankismoari buruzko memoria historikoa lantzen aritu da Adunako Udala, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo Udalekin eta Aranzadi elkartearekin elkarlanean. 

Halaxe da. 2012an, Aranzadirekin elkarlanean, ingurune honetan gertatu zena ikertzeko eta zabaltzeko egitasmoari ekin genion. Bagenekien Belkoain aldean borrokaldiak eta tiroak-eta izan zirela, baina hortik aurrera, apenas gehiago. Horrela, Aranzadik lubakien trazak zeuzkaten tokiak identifikatu eta bertan auzolandegiak egin zituen; aldi berean, artxiboetan agirien bilketan ere aritu zen. Hori bai, ikusita egitasmoa ezin zela Belkoaingo ingurunera mugatu, hurrengo urtetan bailarako Asteasu eta Zizurkilgo udalerriak ere batu egin ziren egitasmora. Geroxeago, Larraulgoa etorri zen.  

Liburua ere argitaratu zenuten, defentsa-sistema hori hizpide izanda.

Bai, lau urteren epean egindako lanketa guztia sozializatzeko helburuz atera zuen Aranzadik liburua 2016an. Artean egindako guztia zabaldu zen, baina ez zen hor amaitu lanketa. Geroztik, lau udalerriek bide beretik jarraitu dugu egitasmoarekin; aurten Zizurkilen ikusi den moduan, erresistentzia guneak identifikatzen segitzen dugu, eta geure historiari buruzko jakintzan sakontzen.

Ekimen horrek eskutik, geure memoria historikoarekiko ezjakintasun handia topatu al duzue? Besteak beste Belkoaingo gurutzearekin topo egingo zenuten…

Borrokaldiak izan zirela paraje hauetan bai, baina hortik aurrera ezer gutxi gehiago genekien herritarrok ekimenari ekin aurretik, lehen aipatu dudan moduan. Adineko bakar batzuek batez ere zekiten zerbait, eta esate batera, horietako baten laguntzari esker topatu izan dira lubakiak. Zer esanik ez, ezjakintasuna erabatekoa zela gazteen artean. Gurutzeari dagokionez, antzekoa zen ezagutza maila; askorentzat, makina bat mendi gainetan han-hemen topa daitekeen elementu tipikoa zen. Egindako ikerketei esker, alabaina, orain badakigu kolpe faxistan garaipena goraipatzeko jarri zutela 1939an. Bestalde, herriko adineko zenbaitek herriak altxatu izanaren kontzientzia zeukaten; bada, agiriei esker, baieztatu dena da Adunako eta Andoaingo Sorabilla eta Karrikako auzotarrek dirua jarri zutela. Jakina, etxez etxe dirua eske dabilenari nork egin uko, gogoan edukita aurrez egin zuten errepresio latza...

Liburuak atal bat badakar gurutzearen historia kontatuz. 

Gurutzearen gainean hausnarketarik bultzatu al duzue?

Informazioa zabaltzea eta bere inguruan pedagogia egitea izan zen liburuan aipatu izanaren arrazoia, besteak beste. Gurutze horrekin zer egin eta zer ez, hausnarketa piztea nahi genuen, eta horretan gabiltza. 

Udal gisa, badaukazue iritzirik finkatuta? 

Argi daukaguna da hausnarketa prozesua parte-hartzailea izan behar duela, eta egiten dena herritarren iritzia kontuan hartuta eta beraiekin adostuta izango dela. Aitortu behar da ideal politiko berekoen artean ere iritzi pertsonal desberdinak eragiten dituen gaietako bat dela gurutzearena.

Buruntzan gurutzea eraitsi izanak, baldintza al dezake zuek abian jarritako hausnarketa prozesua?

Ez du zertan eragin behar, printzipioz. Geure erritmoa daukagu; beharbada batzuei irudituko zaie motel gabiltzala, besteei, berriz, hausnarketa prozesua abian ere ez genuela jarri behar… Memoria historikoaren berreskurapenean sakontzen jarraitzen dugu, eta lanketa horri eutsiko diogu.  

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

Erlazionatuak

Belabieta, Belkoain eta Buruntzako gurutzeak

Xabier Lasa, Jon Ander Ubeda 2022 urt 08 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!