M28 Aiztondo

"Hirigintza  politika herrikoiagoa  behar dugu"

Aiurri 2023ko mai. 16a, 07:00

Gaspar Esnaola Agesta Adunako alkategaia da, EAJ-PNVtik.

GASPAR ESNAOLA AGESTA EAJ-PNV-ko alkategaia Adunan

Aspaldiko partez, jeltzaleek zerrenda aurkeztu dute udalerrian. Urnietan jeltzaleen ordezkari gisa aritu izan da Esnaola. Aiurriko galderak e-postaz erantzun ditu

Zinegotzi izan zara Urnietan. Orain Adunan alkategai. Zein izan da pausoa emateko arrazoia?

Eusko Alderdi Jeltzaleak eskatuta nator, eta gatoz. Nolatan? Guk ez dugu gure iraganaren lotsarik, ez dugu zertan ezkutatu herri hau eraikitzen emandako denbora. 80ko hamarkadan alderdiaren zoritxarreko zatiketa jasan genuen. Zatiketa hartatik ez da hautagaitza jeltzalerik izan Adunako Udalean. Baina ez ginen desagertu. Adunar dezentek eutsi zion EAJ-PNVri botatzeari Batzar Nagusietarako. Beti. Leialtasun eta konfiantza hori hunkigarria zait, eta konpromisorako akuilua da adunarrak zain daudela pentsatzea EAJk Udalerako urratsa egin dezan. Arrazoi ona iruditu zait baiezkoa emateko. 

Adunarrik ez dagoen zerrenda dela-eta egon daitezkeen kritiken aurrean zer esango zenuke?

Batetik, adunarrei entzun nahi diegula, apal eta adi, Udalean EAJren egitasmoa bultzatzeko, eurek nahi badute; eta bestetik, adunarren ordezkari bai baina inola ere ez adunarren ordezko. Gu adunarrei lekukoa emateko asmoz gatoz, bidea egitera, Adunako hautagaitza jeltzalea bertakoek eraman dezaten. 

Nola definituko zenuke udalerria?

Herri euskalduna eta abertzalea ageri da Aduna. Nahi nuke nortasun horretan irautea mundua sukalderaino sartu zaigun aldi honetan, eta aldi berean, ondo errotutako herri irekia izatea, harrera onekoa eta aukerak eman zalea, beharrean dagoenari eta zerbait eskaintzera datorrenari. 

Garapen maila handia izan du udalerriak, besteak beste zerbitzuetan, industrian edo etxebizitza mailan. Zein balorazio egiten duzu?

Pozgarria da Aduna hau ikustea. Besteak beste industria aipatu duzu. Esan nahi dut garrantzitsua dela alderdien historia eta identitate politikoari begiratzea. Herri hau lur jota zegoen diktadura ostean baina motor indartsua zeukan: izan nahia. Nahi horrek lege babesa behar du, eta EAJk autonomia politiko eta erakundeen apustua egin zuen, Legebiltzarra, Jaurlaritza, Batzar Nagusiak, Foru Aldundiak, Udalak eratuz, eta herriak eman zigun gidaritzaz politika aitzindariak hasi genituen: euskara, industria, ingurumena, gizarte babesa… jasotzeko. EH Bilduk ezin du halakorik esan. Erakundeak mespretxatu, joan ez, kontra egin, horra ezker abertzalearen identitate politikoa. Kontutan izatekoa M28an.

Berriki agintea utziko duen alkateak hirigintza alorreko bilera deitu du HAPO berria abiarazteko. Zein egitasmo indartu behar direla uste duzu?

Aduna oparo honetan, hirigintza politika herrikoiagoa behar dugu, plan orokorraren bidez ingurune fisikoan oreka bilatu: jarduera ekonomiko berria sustatuz batera ingurumena eta natura babestu. Adunako baserri-jarduera lagunduko dugu, sagasti eta abeltzaintzarako lurrak izatea erraztuz. 

Udal ordezkaritza lortuz gero, zeintzuk dira egin dituzuen lehen proposamenak?

Erriberako errepidearen inguruan Foru Aldundiarekin sinatu den hitzarmena gauzatzea lehentasuna da. Agaramunde baserria eta Unipapel bitarteko udal bidea zabaldu eta hobetuko dugu, biribilgune berri batekin. Gure asmoa da titulartasuna Diputazioari eskualdatzea, GI-3610 “Andoain-Zizurkil” errepidean txertatzeko. Ezinbestekoa da azken tarte hau, Zizurkilgo zubirainokoa, eraberritzea, egoera kaxkarrean baitago. Bidegorri sareak ere berdintsu, etena du. Jarraipena emango diogu, Sorabillatik datorren bidegorria Zizurkil-Villabonarekin egoki lotzeko

 

Adunako EAJ-PNV

Gaspar Esnaola Agesta.

Jose Luis Huici Leiza.

Gurutz Patxi Irigoras Urretavizcaya.

Antonio Guedejo Perez.

Maria Mercedes Estevez Ikutza.

Maria Asunción Maisterrena Mugica.

Antonio Amondarain Aizpurua.

.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!