M28 Aiztondo

"Herriarekin bat eginda, garrantzia emango diogu parte-hartzeari"

Aiurri 2023ko mai. 16a, 07:00

Kristina Rodriguez alkategaia, eta, atzean, Adunako udalerria.

Kristina Rodriguez Mendicute EH Bilduko alkategaia da Adunan. Josu Amilibiaren zikloa amaitzear da, eta haren lekukoa hartzeko prest agertu da Kristina Rodriguez. Aurreko agintalditik eskarmentua duen taldeari kide berriak batuko zaizkio

Adunan EH Bildu errotuta dago. Aurrekoaren lekukoa hartuko duzula ulertzen dugu.

Hautagai izateko proposamena jaso nuenean, oso argi nuen lantalde on batekin ekin behar niola. Herriaren egoera aztertu dugu, eta aurreko agintaldiko zinegotzi batzuk jarraituko dute. Orain arte landutakoari jarraipena ematera goaz, beraz.

Taldean hartutako erabakia izan da?

Erabaki pertsonala hartu dut, horrelako ardura hartzea ez baita nolanahikoa. Horrez gain, taldean egin dugu lan Adunan, eta horrela jarraituko dugu. Herriarekin bat eginda lan egingo dugu, parte-hartzeari garrantzia emanez. Hautagai bakoitzak, bere arloan, badu esperientzia, eta elkarlanean arituko gara herriarekin bat eginda.

Kanpotik Adunak oso itxura ona du. Zein da Udalaren egoera?

Adunan, betidanik ezagutu dudan kudeaketa herriari begira izan da, ekonomikoki ondo eraman dena. Arreta handia jarri da hirigintza jasangarria lantzen, edo udalerri osasuntsua izan nahian. Herri euskalduna da, eta hizkuntza, kultura eta gure nortasuna ez galtzeko oso lan ona egin da. Oso jende ezberdina egon da udalgintzan, baina beti aritu dira sendo eta bat eginda. Asmo berdina dugu guk, eta kudeaketa on horri jarraipena ematera goaz.

EAJ-PNVk kanpoko kideekin osatu du zerrenda, lehen aldiz. Zein iritzi duzu?

Denok dugu hauteskundeetara aurkezteko eskubidea. Pertsonalki, eta, gure lantaldean nahiz herriko jendearen artean, haserrea antzematen da. Zerrenda bat aurkezten da zeinean ez duten Aduna edo adunarren beharrik ezagutzen. Niri ulertezina iruditzen zait. Aurkeztu dituzten horietatik inor ez da Adunan ibiltzen. Ez dute Aduna ezagutzen. Herriari zein eskaintza egin diezaiokete herriarekin harremanik ez badute eta herria ezagutzen ez badute?

Plan Orokor berriari begira, bilera bat egin da berriki. Etxebizitzak badu, alor horretan, garrantzia. Zein asmo duzue?

Gure erronka handiena hirigintza plan orokorra eguneratzea izango da. 2007koa da eta berritu beharra dago. Batzar bat egin du dagoeneko Udal taldeak, lehen azalpenak emateko. Honi lotuta, etxebizitzari lotutako beharra antzeman dugu. Gazteentzat ekonomikoki egokiak izan daitezkeen etxebizitzak martxan jarriko ditugu, bi fase ezberdinetan. Aurreko agintalditik bideratuta datorren zeregina da. Behar berrien arabera jarraipena izango du lehen fase horrek. Udalak ere beste lursail batzuk bereganatu ditu eta, Plan Orokor berriaren arabera, lur horiei zein balio eman erabakiko dugu.

 

Adunako EH Bildu

Kristina Rodriguez Mendicute.

Xabier Zabala Tolosa.

Jone Olasagasti Arzallus.

Ainhoa Arruti Bereziartua.

Xabier Tejeria Intxausti.

Ainhoa Arretxe Sarasola.

Igone Zaloña Fernandez.

Ordezkoak

Joxe Mari Sarasola Goenaga.

Miren Aburuza Alkorta.

Leire Saizar Altuna.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!