Asier Sasieta, Gipuzkoako Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundeko lehendakaria; Irati Manzisidor, irakasleen koordinatzailea; Kristina Rodriguez, Adunako alkatea; Itsaso Noval, Aduna Eskolako zuzendaria; Lorea Iñigo, Basopeta Guraso Elkarteko kidea; eta Elene Aburuza eta Ekhi Matute, Adunako Eskolako ikasleak bildu dira mahaiaren bueltan, festaren aurkezpena egiteko.
Agerraldiko kide guztiak aurkeztu ondoren, Eskola Txikien garrantzia aldarrikatuz eman dio hasiera agerraldiari Asier Sasietak: "Ekainaren 16ko jaian eskola herrian edo auzoa izateak duen garraitia aldarrikatuko dugu, festa giroan".
Irati Manzisidor Urbietak festan parte hartzeko gonbita luzatu du: "Gure herri eta auzo txikiak ere etengabe aldatzen ari den mundu honetako parte dira eta erronka berriei aurre egiteko etengabeko elkarlanean aritu behar dugu, familiekin, herri erakundeekin edota bestelako elkarte eta eragileekin. Elkarlan horren isla dugu adibidez, Adunan festa hau antolatzeko egiten ari diren auzolan erraldoia. Eskola txikiak bizirik gaude, herri eta auzo txikiak bizirik gaude eta hori ospatzeko elkartuko gara ekainaren 16an Adunan. Gonbidatuta zaudete bertan parte hartzera!".
Kristina Rodriguez Adunako alkateak ere hartu du hitza gaurko aurkezpen ekitaldian: "Gure seme alabek euskaraz ikasi eta bizitzeko lagungarri izateaz gain, gure baloreak generazioz generazio transmititzeko ezinbestekoak direlako. Eskola txikiekin herri txikiak bizirik mantentzen ditugu eta etorkizuna ere bermatzen dugu, gure nortasunari eutsiz".
Antolakuntza lan handia eskatzen du gisa honetako jaia antolatzeak: "jaia antolatzen Udalak, eskolak eta herri osoak parte hartuko dugu eta elkarrekin lan egiteak indartu eta batzen gaitu gainera. Gogoz eta pozez lan egiten ari gara dena ongi atera dadin egun honetan ere eta ziur gaude halaxe izango dela"
Zoriontzeko tartea ere hartu du alkateak: "Hemendik zorionak eman nahi nizkizueke Udalaren izenean, urte osoan lanean buru-belarri ibili zareten guztiei eta aldi berean, gonbitea luzatu nahiko nizueke, azken txanpan halaxe jarraitu eta lanean bada ere, egun horretaz gozatzeko". Festara gerturatzeko deia eginez amaitu du alkateak bere hitzartzea.
Itsaso Noval, Adunako Herri Eskolako zuzendariak ere hitz batzuk egin ditu. Eskolaren historia laburbildu du eta amaitzeko, hitz hauek egin ditu: "eskolako paisajea asko aldatu den arren, esentzia mantendu egin da. Eskola txikiak gertukoak, atseginak, erosoak herri eta auzoekin lotuta daudenak... hau da, guztion eskola eta denontzat irekita dagoena gara. Festa antolatzeko, talde lanean aritu gara auzokideak, gurasoak, ikasleak eta irakasleak. Prestaketako ibilbidean, indar, gogo, ilusio..., guztia jarri dugu. Horregatik, eskola txikietako ikasleek auzo eta herriei bizia ematen dielako, festa egun honetako gure protagonistak haurrak izango dira".
Lorea Iñigo, eskolako gurasoak komunitate sentimentua azpimarratu nahi izan du: "Eskola txikien festa hitzak barra barra entzun dira. Umeei, bai gaztetxoei, gurasoei ere bai, noski, baina baita heldu zein adinekoei ere. Bestalde, aurrez ere bagenekien ez geundela bakarrk. Komunitate sentimendu hori lantzeak eta agerian uzteak egiten du garrantzitsu Gipuzkoa Eskola txikien festa".
Herriko eragileen partea hartzea azpimarratuta, egitarauaren inguruko xehetasun batzuk eman ditu ondoren: "10:30etan hasiko da festa, harrera ekitaldiarekin eta hortik aurrera, nahi beste ekintza izango dira denen eskura. Lehen aipatu ditudan Zirkuolaren gunea eta sagarraren ibilbidea, txiki zunba, puzgarriak, ur-jolasa, txiki txokoa, tailerrak umeentzat, pottokak...".
13:00etan egingo da lekuko aldaketa. "Aduna prest eta gogotsu dago eskola txikien proiektuan sinesten duten guztiei ongietorria egiteko. Zatozte!", amaitu du. Elene Aburuza eta Ekhi Matute gaztetxoek amaitu dute agerraldia, Adunara gerturatzeko deia zabalduz.