Axeri Dantza izango da aurtengo jaietako protagonista

Ainhoa Gil 2025ko uzt. 31a, 08:00

Xabier Tejeria eta Joxe Ramon Belamendia.

Axeri Dantza berreskuratu zutela 50 urte betetzen dira aurten eta, ospakizun berezia prestatu dute Adunan

Galtzear egon ondoren, 1975ean berreskuratu zuten Axeri Dantza Andoaingo dantzariek. Adunako David Zabala eta Faustino Sorondok erakutsi zieten dantza eta, Adunako Andramari jaietan ere dantzatzea erabaki zuten. Andoaindik etorritako dantzariek dantzatu zuten lehen urtetan, harik eta adunar taldea elkartu eta lekukoa hartu zuten arte. Berrogeita hamar urteko bidea ospatzeko, ekitaldi berezia prestatu dute aurtengorako. 

Kalejira, eguna hasteko

Abuztuaren 15ean, 10:00etan hasiko dira giroa berotzen. Xabier Tejeria eta Joxe Ramon Belamendia ekitaldia antolatzeko lanetan murgilduta dabiltza: "Herriko trikitilari, albokari eta txistulariekin batera kalejira egingo dugu herrian barrena. Plaza inguruan ibili ondoren, sagardotegietara ere inguratuko gara eta, hamaiketakoa egiteko asmoa dugu. Plazara itzulita, umeen dantza saioa izango da 12:00etan eta ondoren dantzari ohi batek ere hitza hartuko du. Dantza egingo dugu segidan eta, elkarrekin bazkaltzeko asmoa dugu". 

Dantzari ohiek protagonismo berezia izango dute aurtengoan: "Gaur egungo dantzariez gain, noizbait dantzatu izan dutenak ere kontuan hartzea garrantzitsua zela iruditu zitzaigun. Zerrenda osatua dugu eta pixkanaka, ari gara guztiekin harremanetan jartzen. Adunarrez gain andoaindarrak ere izango dira tartean, noski, baita txistulariak edota jantziak diseinatu zituen Kontxi Arregi ere. Abuztuaren 15a da eta badakigu ez dela jendea batzeko data erraza, baina ahalik eta jende gehien biltzea gustatuko litzaiguke. Polita izango da elkartzea", azpimarratu du Xabier Tejeriak. Guztira 50-60 pertsona gonbidatu dituzte Axeri Dantzaren urteurreneko ospakizunera. 

Adunako bereizgarri

Axeri Dantzaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen Adunako udalak duela zenbait aste eta, herriko eskolara ere bi urtez behin gerturatzen dira taldekideak, dantzaren inguruko solasaldia ematera. "Gure herriko bereizgarria da eta hori balioan jarri behar da. Haurrei transmisioa egitea oso garrantzitsua da. Azalpenak eman eta dantzako pauso batzuk egiten ditugu, Axeri Dantza ezagutu dezaten. Haiek dira etorkizuna". 

Joxe Ramon Belamendiak gertutik bizi izan zuen 1983an Adunarrek Axeri Dantzako taldea osatu zutenekoa: "Andoaindarrek egiten zuten ordura arte eta adunarroi gonbitea luzatu ziguten. Talde bat elkartzea lortu genuen eta, geroztik, eutsi egin zaio. Urteren batean huts egin izan da, baina oso bakanak izan dira huts horiek. Polita litzake urteurrenaren aitzakian gazte jendea taldera batuko balitz". Belamendia ari da garai batean dantzari izan zirenekin harremanetan jartzeko lanetan. "Andoaindar asko dago tartean eta, pixkanaka, ari gara guztiekin harremanetan jartzea lortzen. Argazkiak begiratuz, galdetuz..., jendea identifikatu eta kontaktuak lortzen ari gara. Egun polita pasako dugu abuztuaren 15ean".  

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!