Elkarretaratzea, Txapela club-aren atarian

Ainhoa Gil 2025ko ira. 26a, 20:43

Txapela Club-eko nagusietako bat atxilotu du aste honetan Ertzaintzak, bertako langile batek sexu-erasoagatik salaketa jarri ostean. Adunako herritarrek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean egoera salatzeko. Biribilgunean elkartu ondoren, katea osatuta joan dira Txapela Club-aren pareraino, bertan oharra irakurtzeko.

Hamarnaka pertsona elkartu dira gaurko elkarretaratzean. Irakurritako oharrean azpimarratu dutenez, "Duela urtebete 18 emakume sexualki esplotatzegatik atxilotu zuten Txapela lokalaren jabea, eta oraingo honetan langile batek salatu duenez sexu-erasoa jasu du jabearen aldetik. Egunerokoan langileen esplotazioak jarraitzen duela ere aditzera eman du, gainera. Edozein egoeratan, edozein lanbidetan, "EZ, EZ DA!". Emakumeok gure gorputzaren jabe izan behar dugu, inongo salbuespenik gabe. Ezin dugu onartu beldurrak, nagusikeriak edo lehen aipatutako inpunitateak gure oinarrizko eskubide hori urratzea. Ahizpak, zuen ondoan izango gaituzue beti, laguntzeko, babesteko, denon artean indarra egiteko".

Elkarretaratzea amaituta, Kristina Rodriguez alkateak ere hartu du hitza, honakoa adierazteko: "Ertzaintzarekin hitz egin dugu eta udala saiatuko da gure eskuetan dagoen horretan esku-hartzen. Egon diren atxiloketak, sententziak... horien txostenak bidaliko dizkigutela esan digute. Badakigu ez dela erraza horrelako toki bat ixten, baina ostatu baimena dute orain eta ez dugu nahi inpunitate osoz hemen egoterik. Gure eskuetan dagoen apur hori egiten ahaleginduko gara". 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!