"Va Gera" kontzertu solidarioa, maiatzaren 3an eta 4an

Aiurri 2019ko api. 2a, 15:35

Kontzertuarekin irabazten den dirua Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartera bideratuko da. Egun, 800 familiek jasotzen dute laguntza Gautenatik.

Diziplina anitzeko ikuskizun historiko-artistikoa da "Va Gera" ikuskizuna. Musika klasikoa, trikitixa, dantza garaikidea, antzerkia, bertsolaritza, poesia, rapa, rock-a, erraldoiak, buruhandiak... diziplina ugari uztartzen dira. Maite Izagirre Amasa-Villabonako alkateak adierazi duenez, "Va Gera ikuskizuna proiektu handia dela ikusi ahal izango dugu. Emozio askoko emanaldi berezia, amasa-billabonatarren babesa izatea espero duguna eta baita gainontzeko publikoarena ere; gure herriaren historia, Euskal Herriaren historia baita".

Taula gainean izango da "Et Incarnatus" orkestra Migel Zeberio musikagile tolosarrak zuzenduta. Zeberio da ikuskizunaren zuzendaria eta Agurtzane Intxaurraga aktorea, berriz, zuzendari artistikoa. Gidoia edota testua Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak idatzi du. Ikuskizunean ere parte hartuko dute Oinkari dantza taldeak; Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzak; Lain taldeko Leire Leturiak eta Kristina Aranbek; Euskal Barronkesemblek eta Nikotina eta Little Martin raperoak.

Intxaurragaren lana izan da Amasa-Villabonaren historiaz dokumentatzea. "Amasa-Villabona Nafarroa zen garaitik gaur egun arte eszenifikatu dugu, eta gai zentral bezala oilasku jokua erabili dugu, bizitzaren eta heriotzaren arteko sinbolizazio modura”, azaldu du aktoreak.

Kontzertua maiatzaren 3an eta 4an izango da Olaederra kiroldegian, 22:00etan.

Gautena Elkartea
Kontzertuan lortutako dirua Gautena Gipuzkoako Autismo Elkartera bideratuko da. Helburua gizarteari autismoari buruz informatzea eta autismoa duten pertsonei zerbitzu egokiak eskaintzea da. Egun 800 familiek jasotzen dute Gautenaren laguntza.

Gautenako zuzendari den Amaia Lopetegik esan du "Va Gera" ikuskizunak Gautena elkarte modura "bisilizatzeko" balioko duela, eta diru-laguntza ekarpen garrantzitsua izango dela beraientzat". Antolaketa lanetarako laguntzeko prest agertu daudela gehitu du.

Gautenari ekonomikoki lagundu nahi izanez gero, hauxe da kontu korrontea:
ES03 2095 5206 0510 6247 2773

Sarrerak
Villabonako ohiko lekuetan, BIBE plataforman eta Donostiako Gautena egoitzan egongo dira salgai kontzerturako sarrerak.

Kartela

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!