Prentsa ohar osoa:
Egun Amasa-Villabonako alkate den Maite Izagirre izango da maiatzeko udal hauteskundeetan EAJ-PNVren hautagaia. Azken legealdi honetan “herrian aldaketa nabarmena” egon dela azpimarratu du Izagirrek, “paralisia ordezkatu egin delako inbertsio estrategikoekin, kultura eskaintza berritzailearekin eta administrazio eraginkorrago batekin”. Herritarrak entzunez guztien alde lan egin dutela eta “emandako hitza bete” dutela esan du. “Harro gaude egindako lanarekin”, gehitu du hautagai jeltzaleak.
“Bi urte pasatxo karguan egon ondoren, beste behin amasar eta billabonatar guztien alkatea izateko erronka onartzen dut. Apaltasunez, ilusioz eta erantzukizunez, hurrengo legealdian gure herriak hartu duen bide positiboari ekin behar diogun uste osoa dut”, Izagirreren hitzetan. Amasa-Villabona inposaketa batetik akordioaren eta elkarbizitzan oinarritutako eredu berri batera pasa dela esan du alkategai jeltzaleak: “Elkarrizketaren bitartez arazoei irtenbidea ematen diegu”. Horren harira, legealdi honetan lortutako emaitzei dagokionez, Zuretzat deritzon herritarren arreta zerbitzu berria azpimarratu du. Bulego bat da, “leihatila bakarrekoa”, non Eusko Jaurlaritzaren tramiteak gauzatu daitezkeen, eta baita udaletxe edota Aldundikoak ere; departamentu guztietan hobekuntza prozesuak gauzatu daitezke; eta Amasa-Villabonako administrazio eraginkorra dela-eta, urtarrilak 1az geroztik aurrekontu-baliabide osoak izatea ahalbideratu da. Gainera, uda garaia iristerako argiteria publikoa kudeatzeko sistema integral berria jarriko da martxan, eta horrenbestez, “amaitutzat emango ditugu hainbat auzoetan asteburu osoan zehar izaten ziren itzalaldiak”, esan du Izagirrek.
Amasa-Villabona herriak azken hamarkadako aurrekontu sozialenak dituela azpimarratu du hautagai jeltzaleak, eta baita Gipuzkoak gehien birziklatzen duen (%80 baino gehiago) herrietako bat dela ere. “Hondakinen sailkapenaren inguruko kultura sustatzen” jarraituko dutela aurreratu du. Halaber, herrian berebiziko garrantzia duen eta ikur den Erreboteko Plaza eraberritzen ari dela azpimarratu du. Gainera, OSATUZ programaren garrantzia aipatu du Izagirrek, herriko kale eta guneak bere onera ekartzeko programa. “Herriko paisaia kalitate hobeagokoa izatea lortu dugu, pankartak kenduz eta herrian zeuden pintadak ezabatuz”.
EAJko lan-taldeak helburu berdinarekin egingo du aurrera, “herritar guztien ongizatearen alde”. “Berdintasuna, gizarte politika, kultura, industriaren garapena, kalitatezko enplegua, ingurumena, argiteria eta oinezkoentzat gune berriak… dira etorkizunean ere, elkarrekin eta elkarlanean, Amasa-Villabona indartsuago baten alde landuko ditugun gaiak”, esan du Maite Izagirrek. “Konpromiso sendoa dugu eta duela lau urte bezala, amasar eta billabonatar guztien ongizatea bermatzen jarraituko dugula hitza ematen dugu”. “Ilusio handiarekin, gogotsu eta lanerako prest” agertu da EAJ-PNVren hautagaia, eta alderdiak zein alderdikideek bere gain berriro jarritako konfiantza eskertu du. Beste behin ardura hau hartzea “ohorea” dela esan du, eta alkate izatearen esperientzia bere gain duela, “ideia argiekin eta etorkizuneko proiektuekin, erantzukizun osoz lanean jarraitzeko” gogoz azaldu da.