2019ko udal hauteskundeak

"Hartu genuen Amasa-Villabona baino hobea uzten dugu"

Ainhoa Arozena 2019ko mai. 17a, 12:15

Maite iIzagirre Irazustabarrena EAJ-PNV

Amasa-Villabonako alkate izan da azken legealdian eta bide berari eutsi nahi dio datorrenean. Urte hauek abiada bizian pasa zaizkiola dio eta oraindik asko dagoela egiteke

 

Aurreko esperientziatik abiatuta, zein gogorekin aurkezten zara hauteskundeetara? 

Ilusio handiarekin hartu nuen alkatetza eta berriz ere garaipena lortzeko indarrarekin aurkezten naiz. Baina, herritarrek dute azken hitza. Beraiek esan behar dute egin dugun lana egokia iruditu zaien edo ez. Politika egiteko modu berri bat txertatzen saiatu gara, inposaketak alde batera utziz eta adostasunean oinarrituz. Lan polita egin dugula uste dut. Laguntzaile bikainak izan ditut aholkuak ematen. Alkate izaten ikasi dut zertxobait, baina ikasten jarraitzeko gogoz nago. Kritikak ere jaso ditut, hainbat kasutan zorrotza izan naizelako. Baina hartutako erabakiekin irmoa izan behar dela uste dut.

Zein proposamen dakarkizue legealdi berrira?

Villabonako arazo larri eta nagusienetako bat aparkalekuena da eta lehentasuna emango diogu. Txermin nahiz Etxe-Ondo eta eliza arteko guneak ondo aztertu eta irtenbidea bilatu nahi dugu. Maiatzaren 1a plazan, parke estali modernoa duen jolaserako gunea egokitu nahi dugu.

80 urte eta gero, Sacemgo zubia berrituko da, Zizurkil eta Villabona batuz. Oinezkoentzat eta trafikoarentzat bereizi egingo da bidea lehenengo aldiz.

Besteak beste, oinezkoentzako bide gehiago egokitu nahi dugu. Asfaltatzeekin, hormen garbiketekin nahiz argiteria berritzen jarraitu..., baina beti ere herritarren iritzia kontuan hartuta. Abian utzi ditugun proiektuetan sakontzen jarraitu nahi dugu.

Nola ikusten duzu herria?

Lau urte eta gero, hartu genuen Amasa-Villabona baino hobea uzten dugu. Elkarrizketa eta adostasunaren bidez herritarren beharrak asetzeko proposamenarekin etorri ginen, eta, besteak beste, atez ateko sistemaren ordez 5. edukiontzia jartzea adostu genuen. Oso emaitza onak ematen ari da. Fleming ikastetxearekin hitzarmena adostu dugu, aurrera egin dezaten. Kultura nahiz ekonomia suspertzeko ahalegin ugari egin dugu eta horretan jarraitu nahi dugu.

Zein da zuen taldearen ezaugarria? 

Billabonatarrak izatea. Herria ezagutu, sentitu eta maitatzen dugun pertsonekin osatu dugu taldea. Arlo ezberdinetan espezializatutako taldekideak ditugu, bakoitzak bere arloan proposamen interesgarriak egin ditzaketenak. Herritarrekin harreman estua duten pertsona herrikoiak ere bai. 

Herria aurrera ateratzea da helburu nagusia eta alderdikeriak alde batera utzi behar dira. Ideologiak ideologia, mahaian eseri eta guztion artean erabaki behar ditugu eman beharreko pausoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!