Nola aurkitzen zara alkatetzarako erronka berriaren aurrean?
Oso pozik, gogotsu, lanerako prest. Nire burua nolakoa den ezagututa, ahal dudan guztia emango dut. Ingurukoen babesa eta onespena ditut. Oso baikor nator.
Zuen programako zein proposamen nabarmenduko zenuke?
Hasiera batean behintzat proposamenak izango dira, ez erabakiak. Gai ezberdinak lantzeko parte hartze prozesuak ireki nahi ditugu. Prozesu garbi eta gardenak, herritarrei zuzenduak.
Besteak beste, Villabonan dagoen aparkalekuen arazoari irtenbidea eman nahi diogu. Adibidez, BM azpian 60 plaza ditu udaletxeak eta plaza horiei zein erabilera eman aztertu beharko da parte hartze prozesu bidez.
Hainbat urtetan herria eskatzen ari den parke estalia ere oso beharrezkoa ikusten dugu. Duela lau urte, prozesu parte hartzaile bidez aukeratutako Larreako parke estaliaren proiektua berriz ere mahai gainera atera eta aurrera eraman nahi dugu. Kirol ezberdinek lekua izango duten kirolgune zabala ere sortu nahiko genuke.
Alkatetza hartuko bagenu, auzoz auzo diru kopuru bat bideratu eta auzo bakoitza, bere beharren arabera, erabakiak hartzera bultzatu nahi dugu. Ez dugu proiektu handirik aurkeztu nahi, gero ez betetzeko. Herriari eman nahi diogu hitza. Alkatetzara ez nintzateke agintzera sartuko. Aginte makila herritarren esku utzi eta parte hartzea bultzatuko nuke.
Zein egoeratan ikusten duzu Amasa-Villabona?
Triste sumatzen dut herria. Azken lau hilabeteotako obrak kenduta, lau urte daramagu ezer egin gabe. Bizirik gabeko herria ikusten dut. Guk herritarrengan sinestu egiten dugu eta berriz ere herritarren ilusioa piztu nahi dugu. Gure herriaren indarguneetako bat gazteria da eta lan handia daukagu haiekin batera egiteko. Ahulguneen artean, etxebizitzak aipatuko niztuzke. 300 etxe baino gehiago dugu hutsik eta etxe-jabeekin hitz eginda, etxe nahiz lokal hutsei erabilera ematea gustatuko litzaiguke, alokairua bultzatuz eta gazteei herrian geratzeko erraztasunak emanez.
Nola definituko zenuke taldea?
Oso talde polita; ona, anitza,arlo ezberdineko herritarrak biltzen dituena, lanerako gogoz dagoena...Talde mundiala! Oso harro nago beraien buru izateaz. Talde honi eta herrigintza taldeari eskerrak eman nahi dizkiet, asko irakatsi didatelako.
Herritarrei mezurik?
Joan daitezela bozkatzera.Gazteei egiten diet dei bereziki. Bozkatu eta bide berean abiatuta, zer edo zer egin daiteke; bestela ez.